Udalak ordezkaririk gabe jarraituko du Portuko Administrazio Kontseiluan

Udalak Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluan ordezkaririk  gabe jarraituko du oraingoz. Lehengo larunbatean ez ohiko plenoa zegoen deituta, hain zuzen, aipatu ordezkaria proposatzeko. Gauzak, baina, lehen unetik okertu egin ziren, eta udalbatzarrak ez zuen ordezkaria proposatzeko adostasunik lortu, botatu gabe Maider Ziganda alkateak bertan behera uzti zuelako udalbatzarra.
Legeak hala agintzen duelako deitu zuen alkateak larunbateko plenoa, oposizioko PSE-EEk, EAJk, PPk eta H1ek hala eskatuta. Gobernu Taldeak, baina, Porturako ordezkaria lehengo maiatzaren 14az geroztik izendatuta dagoela defendatzen du. Ordezkaria proposatzea Alkatetzaren eskumena dela dio Gobernu Taldeak, eta argudio horri helduta Maider Ziganda alkateak bere burua proposatu zuen ordezkari izateko. H1ek, PPk, PSE-EEk eta EAJk, ordea, H1eko legegintzaldiaren hasieran eta ordura arte ordezkaria zen Miriam Cano nahi dute postuan eta ordezkaria proposatzeko eskumena udalbatzarrari dagokiola iritzita Eusko  Jaurlaritzarengana jo dute, berari baitagokio ordezkaria izendatzea.
Ez ohiko plenoa, ez ohiko argazkia
Tentsio handia izan zen udalbatzarrean. Maider Zigandak gertakarien irakurketa eginez eman zion hasiera ez ohiko udalbatzarrari, jarraian bertan behera uzteko plenoa. Irakurketa bukatuta, Gobernu Taldeko kideak altxa eta udalbatzarretik irten ziren. EBren zinegotzi Xabier Pombo eta Udaleko idazkari Joseba Belaustegik aretotik irten ziren baita ere.  Horrek PSE-EEren, EAJren, PPren eta H1en haserrea eragin zuen, eta balio legala izango ote zuen argitzeke, plenoarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Adinean zaharrena izanik, PPko Angel Olasok hartu zuen udalbatzarraren gidaritza. Gogor kritikatu zuten han geratu ziren denek Gobernu Taldearen jokaera, baita idazkariarena eta EBrena ere, ondoren,  denek aho batez, Miriam Cano proposatzeko Porturako ordezkari.
“Estatu kolpea”, “irizurra” eta “esperpentoa”
Udalbatzarrean jazotakoek berehalako ondorioak izan zituen. Udaletxean bertan bi aldeen prentsaurreko bana, eta, ondoren  EBren prentsa oharra, udalbatzarrean  jazotakoak “esperpentotzat” joz.
H1en, PSE-EEren, EAJren eta PPren iritziz, alkateak “iruzurra” egin nahi du  “legeak gaindituz” eta plenoari dagozkion eskumeak bere eginez. Ezker Abertzaleko zinegotziek  aldiz, eskumena alkatetzarena dela diote, eta aipatu alderdiek, “estatu kolpea” eman eta “Udala kanpotik gobernatu” nahi dutela salatu dute. Arazoa politikoa dela eta gertatutako guztiak helburu bakarra duela diote; «Ezker abertzalea alboratzea eta isilaraztea».
Horren aurrean, “Pasaia, pasaitarrak eta eta bere Udalak errespetatuak izan daitezen” lanean jarraituko dutela adierazi dute ezker abertzaleko zinegotziek.

Ez dago ekarpenik

Send this to friend