Bihar arratsaldeko 19:30etik aurrera, Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan Udazkeneko Txapelketako final handia jokatuko dute. Partidua ikusteko sarrera doan izango da, eta hainbat zozketatan parte hartzeko aukera izango da. Finalaren protagonista handiak Garcia-Hernandez eta Egiguren II-Alliez II izango dira. Final ona izango da eskainiko dutena, eta Pilota Eskolako kide guztiak bertan izango dira; esku pilotan aritzen diren 50 bat gazte, beste 20 zesta puntan aritzen direnak eta bertako zuzendaritza.
Egitaraua arratsaldeko 18:00etan hasiko da eta Hondarribiko Pilota Eskolako kideen artean amerikar kiniela egingo dute. 19:15ean Pilota Eskolako taldekideen argazkia egingo dute eta jarraian finalari paso emango diote. Partidua bukatutakoan pilotari gazteenek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute eta bizikleta, zesta punta eta finaleko kamiseta bat eskuratzeko aukera izango dute. Helduentzat, afari edo bazkaria zozketatuko da Atalaia jatetxean.