Herriko zenbait eragile politikok, sindikalek zein sozialek bat egin dute Gernikako Akordioarekin
Atzo arratsaldean herriko zenbait eragile politiko, sozial zein sindikalek euren atxikimendua adierazi zioten Bake bidean, aterabide demokratikoaren akordioari; alegia, Gernikako Akordioari: “Euskal Herriko gatazka politikoa behin betiko konpontz...
Atzo arratsaldean herriko zenbait eragile politiko, sozial zein sindikalek euren atxikimendua adierazi zioten Bake bidean, aterabide demokratikoaren akordioari; alegia, Gernikako Akordioari: “Euskal Herriko gatazka politikoa behin betiko konpontzeko ibilbide orri gisa, pertsona guztien eskubideen defentsan, gure konpromisoa adierazi nahi dugu”.
Gernikako Akordioaren ildo jarraituz, bertako zenbait puntu gogorarazi zituzten: ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea; eskubide zibil eta politikoen aitorpena; Alderdien Legea indargabetzea; inoren kontrako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea; euskal presoen kontrako espetxe politika etetea; jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen kontrako prozesu judizialak berraztertzea; jurisdikzioen, auzitegi berezien eta salbuespen araudiaren derogazioa eta inkomunikazioa desagertzea; militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien debeku eta neurri murriztailean bertan behera uztea; eta nazioarteko agenteen parte-hartzea sustatzea giza eskubideak urratzen ez direla egiaztatzeko.