«Hiru aldiz gutxiago gastatu dugu protokolo eta ordezkapen gastuetan»
Udal Gobernu Taldeak jakinarazi duenez, 2007ko ekainetik orain arte 56.684 euro gastatu ditu Alkatetzak
Oiartzungo Udaleko Alkatetzak legegintzaldi honetan gastatu duen diru kopuruaren berri eman du, herritarrek horren berri izan dezaten: «2007ko ekainetik orain arte, 56.684,15 euro gastatu ditu Alkatetzak Protokolo, Ordezkapen gastu eta dietetan. Hain zuzen ere, aurreko legegintzaldian Martin Beramendik kontzeptu horiengatik gastatu zuen baino hiru aldiz gutxiago: 183.000,53 euro gastatu zituen Beramendik, hain zuzen ere. Bi legegintzaldietan gastatutakoaren arteko diferentzia 126.315,88 eurokoa da».
Udal Gobernu Taldeak udalgintzako kudeaketan gardentasuna ezinbestekoa dela uste du, «aurreko legegintzaldian gertatu ziren gehiegikeriak eta diru publikoaren xahuketarik berriz gerta ez daitezen».
Horretarako, besteak beste, Oiartzungo Udaleko Alkate eta Zinegotzientzako Kode Etikoa jarri du martxan. Gainera, legegintzaldi honetan gastatutako datuak publiko eginez, «udalbatzarretatik kanpo ere bete nahi ditu Kote Etiko honen puntuak Gobernu Talde honek».
Zortzi aldiz gutxiago, otordutan
Martin Beramendik «dirutza neurrigabea» gastatu zuen otordu, lunch, catering zerbitzu eta edarietan 2003-2007 legegintzaldian, Udaletik gogorarazi dutenez: «Bazkari-afari asko jai egunetan eta asteburutan eginez inguruko jatetxerik garesti eta onenetan, Udalaren kontutik ordainduz: 83.114,46 euro hain zuzen». Kontzeptu horregatik beragatik, legegintzaldi honetan 10.379,49 euro gastatu dituztela jakinarazi dute, «zortzi aldiz gutxiago, alajaina!».
Gobernu Taldeak argitu duenez, egia da udalgintzan beharrezkoa dela zenbaitetan kanpoko erakundeekin otorduak egitea. Baina gastu horrek neurrikoa izan behar duela nabarmendu du, «diru hori herritarren patriketatik datorrelako eta ez delako zilegi norberaren momentuko kapritxoak asetzeko erabiltzea. Izan ere, diru publikoa da».
Udalaren ustez, inondik inora ez da onargarria Beramendiren garaian egin zen gastu dinamika hori, «luxuzko jatetxetan Udalaren kontura bapo janez, diru publikoa xahutuz».
Udalbatzarretan, Alkatetzaren gastuen berri
Horren ondorioz, Kode Etikoa sortzeko beharra «ezinbestekoa» iruditu zitzaion Udal Gobernu Taldeari. Hala, legegintzaldi honetan egin den lanik «sakonenetariko eta garrantzitsuenetariko» bat dela nabarmendu dute: «Egun Udalean dauden eta etorkizunean egongo diren alkateen eta zinegotzien jarrera bideratuko duen jarrera kodea sortzea eta martxan jartzea ezinbestekoa zen».
Kode Etikoan, puntuetariko bat udalbatzarretan Alkatetzako gastuen berri ematea da: «Gobernu Taldeak martxan jarri du (sortu aurretik ere bere jarrera etikak zuzendu badu ere) eta urtarrileko udalbatzarrean, Aitor Etxeberria alkateak eskatuta, udaletxeko idazkariak Alkatetzako gastuen berri eman zuen, zinegotzi guztiek jakiteko eta datu horiek publikoak izan daitezen».
2011ko urtarrilean Alkatetzak egin dituen gastuak urteko harpidetzetan egin dituela zehaztu du Udal Gobernu Taldeak.