Ezker Abertzaleak alkatetzara iristea du helburu
Ezker abertzaleak ekimen berri aurkeztu udal eta foru hauteskundeei begira
Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeei begira, ekimen berria abiatuko du ezker abertzaleak, 2011 Herri Programa, zure ahotsa gure hitza, hain zuzen ere. Ekimenaren bidez, herri programa egiteko «Oreretar guztien ahotsa» jaso nahi dutela azaldu zuten atzo egindako agerraldian ezker abertzaleko ordezkariek. Izan ere, “oreretarron ahotsa gure hitza bilakatu nahi dugu” esan dute. Ekimen berria aurkeztearekin batera, argi azaldu zuten “Errenteriako udala eskuratzea” dutela helburu. Otsailaren 14an jarriko dute martxan atzo aurkeztu zuten ekimena, eta helburua lortzeko, hau da, herritarren iritziak jasotzeko, hiru bitarteko jarri ditu ezker abertzaleak herritarren eskura. Batetik, herriko hainbat gunetan inkesta eta postontziak jarriko ditu; bestetik, herritarren ahotsa zuzenean entzuteko prest azalduko da. Horretarako hitzorduak zehaztu dituzte: otsailaren 13an Beraungo azokan izango dira; Otsailaren 14an, Erdialdean egiten den azokan; eta otsailaren 19 eta 26an, Niessen merkatalgunean egongo dira.
Azkenik, hainbat sare sozialetan ekarpenak egiteko aukera ere izango dute interesadunek “eta horien berri aurki emango dugu” gaineratu zuten ezker abertzaleko ordezkariek.
Udal jardunaldiak
2011 Herri programa, zure ahotsa gure hitza ekimena martxoaren 4an amaituko dute eta jasotako ekarpen guztiak bilduta, udal jardunaldiak egingo dituzte martxoaren 12an. “Horiekin, oreretarron herri programa osatuko dugu” azaldu dute. Halaber, egun horretan ere herritarrek ekarpenak egin ahalko dituzte.
Ezker abertzalearen herri programak ezinbestean ikutuko dituen hainbat gairen berri ere eman zuten agerraldian: “besteak beste, krisiak herrietan eragiten dituen arazoak, Euskal Herrian zabaltzen ari den prozesu demokratikoa, euskara, emakumeen ahotsa, amalurraren babesa eta nagusien zein gazteen hitza, hartuko ditugu aintzat”. Halaber, herritar guztiak deitu dituzte prozesuan parte hartu eta ekarpenak egiteko.