‘Magifique’ ikustera
Haurtzaroko dantzariak entsegu orokorrera gonbidatu dituzte Euskadiko Orkestrak eta Ballet Biarritzek
Haurtzaro Ikastolako Dantza Taldeko kideek Magifique ikuskizunaren entsegu orokorra ikusteko aukera izango dute. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Ballet Biarritzen ikuskizuna da Magifique, eta Haurtzaro Dantza Taldeko kideak gonbidatu dituzte entsegu orokorra ikustera.
Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako dantzariek, eta DBHko maila guztietakoek jaso dute gonbidapena. Izango dute bertan zer ikusia eta zer ikasia.
Etzi, 16:00etan Kursaal Auditorioan (Donostian) egon beharko dute guztiek. Entsegua funtzioa bezalakoa izango da, eta azken ukituak emateko balioko die Euskadiko Orkestrako eta Ballet Biarritzeko kideei. Funtzioan bezala, Orkestrako kideak fosoan egongo dira eta balleta taula gainean. Guztira, 70 minutu irauten du ikuskizunak.
Euskadiko Orkestraren 2010/2011 ikasturteko bederatzigarren abonu programaren barne egingo dute benetako funtzioa.
«Dantzaren apoteosia»
«Dantzaren apoteosia» bezala definitu dute ikuskizuna adituek. Hona laburpena: «1877an Zisneen lakua estreinatu izana, Txaikovskik unibertso koreografikoari egindako lehen ekarpena da. Egileak gaitasun berezia erakutsi zuen esparru labain horretan, eta hurrengo urteetan bi maisulan egin zituen adierazitako arloan: Loti ederra eta Intxaur hauskailua. San Petersburgoko Antzoki Inperialeko balleteko maisu Marius Petipa-k idatzitako partitura bikain horietan —oparo orkestratutako miniatura mosaikoa—, Txaikovskik, Delibesen eragin frantsesa atzean utzita, generoa berritzeko ekarpena egin zuen. Ordura arte inoiz ikusi ez zen aurrerapen dramatikoaren, tinbre aberastasunaren eta erritmo oparotasunaren bidez. Ballet horietako suite-etatik Thierry Malandain-en (Ballet Biarritz) Magifique. Tchaikovsky Suites ikuskizuna sortu zen. Zulogunetik, orain arte abonu denboraldian lehen aldiz, Orkestrak handitasuna emango dio obra honi, baita zuzeneko musikak magia sortzeko duen gaitasuna ere».