Krisi kabinetea sortzeko exijitu diote Jaurlaritzari Vizcainoko langileek
Enpresari buruz hartzen dituzten erabakietan parte hartu nahi dute langileek; mobilizazioak iragarri dituzte
Agindutako larrialdi kabinetea berehala sortzeko eskatu diote Ramon Vizcainoko langileek Eusko Jaurlaritzari, «muturreko egoeran»daudelako.
400 langileek zortzi hilabete daramatzate soldatarik jaso gabe, eta enpresak lana erregulatzeko eskaera aurkeztu berri du guztiak kaleratzeko.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote berak edo beste instituzioek egiten dituen urratsetan parte hartu ahal izatea, eta Jaurlaritzaren beraren kudeaketa eta erabakiak ezagutzea, enpresarekin dituzten arazoei ahalik eta «irtenbide duinena lehenbailehen» emateko.
Eusko Jaurlaritza da enpresako akziodunetako bat, eta laguntza agindu ziela gogorarazi dute langileek.
Langileen mobilizazioak
Bestalde, langileek mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri dute. Egunotan bilerak egingo dituzte eta emango dituzten pausoak laster jakinaraziko dituztela adierazi dute.