Toni Strubell, SIko presidente
Solidaritat per la Independencia alderdiak lehenengo batzar nazionala egin zuen atzo eta Toni Strubell (Errenteria-Oreretan bizi da) izendatu zuten alderdiko presidente. Estatutuak ia aho batez onartu zituzten. Oarso Bidasoko Hitzak elkarrizketa egin zion pasa den abenduaren 10ean, Kataluniako Hauteskundeen ondoren: Kataluniako hauteskunde autonomikoen prozesu guztia etxetik jarraitzeko aukera zuen Toni Strubellek (Oxford, 1952; Errenteria-Oreretan bizi da). Baina hori egin beharrean, nahiago izan du pausoa eman eta prozesuaren parte bilakatu. Katalunian politikariek erabakiak hartzeko ahalmenik ez dutelako eman du pausoa eta hori behin betiko aldatzeko itxaropena du. Gogotsu dago eta lanerako prest. Lortutako emaitzarekin gustura? Oso gustura. Azken eguneko inkestak nahiko ezkorrak ziren guretzako eta hori ikusita emaitza oso ona da. Hedabideen ikuspuntutik, gainera, ez dugu oihartzun handirik izan. Legeak dio aurreko legealdian Parlament-ean egon ez diren alderdiek ez daukatela bermatuta euren presentzia hedabideetan, beraz, telebistan, irratian eta prentsa idatzian gutxi agertu gara. Hauteskundeen zein irakurketa egiten duzu? Argi geratu da Parlament-eko gehiengo nagusia abertzalea dela eta boto baliagarria CIUrentzako izan dela. Uste dut nazio ikuspegitik jasaten ari garen jazarpena handia dela. Garrantzitsua izango da Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiak egingo duen lana. Etxetik prozesu guztia ikusteko aukera nuen, baina nahiago izan dut barruan egon uste dudalako prozesuak bai ala [...]
Solidaritat per la Independencia alderdiak lehenengo batzar nazionala egin zuen atzo eta Toni Strubell (Errenteria-Oreretan bizi da) izendatu zuten alderdiko presidente. Estatutuak ia aho batez onartu zituzten.
Oarso Bidasoko Hitzak elkarrizketa egin zion pasa den abenduaren 10ean, Kataluniako Hauteskundeen ondoren:
Kataluniako hauteskunde autonomikoen prozesu guztia etxetik jarraitzeko aukera zuen Toni Strubellek (Oxford, 1952; Errenteria-Oreretan bizi da). Baina hori egin beharrean, nahiago izan du pausoa eman eta prozesuaren parte bilakatu. Katalunian politikariek erabakiak hartzeko ahalmenik ez dutelako eman du pausoa eta hori behin betiko aldatzeko itxaropena du. Gogotsu dago eta lanerako prest.
Lortutako emaitzarekin gustura?
Oso gustura. Azken eguneko inkestak nahiko ezkorrak ziren guretzako eta hori ikusita emaitza oso ona da. Hedabideen ikuspuntutik, gainera, ez dugu oihartzun handirik izan. Legeak dio aurreko legealdian Parlament-ean egon ez diren alderdiek ez daukatela bermatuta euren presentzia hedabideetan, beraz, telebistan, irratian eta prentsa idatzian gutxi agertu gara.
Hauteskundeen zein irakurketa egiten duzu?
Argi geratu da Parlament-eko gehiengo nagusia abertzalea dela eta boto baliagarria CIUrentzako izan dela. Uste dut nazio ikuspegitik jasaten ari garen jazarpena handia dela. Garrantzitsua izango da Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiak egingo duen lana. Etxetik prozesu guztia ikusteko aukera nuen, baina nahiago izan dut barruan egon uste dudalako prozesuak bai ala bai egingo duela aurrera. Lau urte hauetan argi geratuko da bateraezina eta ezinezkoa dela Katalunia Espainiaren zati izatea.
Zuen alderdia Parlament-era iristeak zer esan nahi du?
Uste dut Esquerra Republicanak atera dituen botoen erdia jasotzeak asko esan nahi duela. Esquerraren diskurtso politikoak sinisgarritasuna galdu du eta horregatik izan du beherakada hori. Boto independentista zatikatu dugula aurpegiratu diezaguketenei esango nieke hori ez dela horrela. Guk bidean galduta gera zitezkeen botoak besterik ez ditugu jaso. Itxaropentsu egoteko moduan gaude, herritar asko harrituta utziko ditugula uste dudalako.
Reagrupament alderdiarekin batera joanda ez zenuten akaso indar handiagoa lortuko?
Reagrupament-ek zabaldu duen mezua oso zaharkituta dago. Guk, bestalde, mezu ezberdina zabaldu dugu, berria, modernoa. Horren alde apustua egin beharra zegoen eta nik argi nuen egun bizi dugun egoera zail honen aurrean gurea zela benetako apustua.
Zein helburu dituzue legegintzaldi honetarako?
Marko autonomikoa salatzea da gure helburu nagusia. Autonomiaren kontra borrokatuko dugu. Ez dugu herritarrak engainatzea nahi. Kataluniak ez dauka erabakitzeko eskubiderik. Hauteskunde hauetan baserritarrekin, arrantzaleekin eta beste hainbat sektoreetako arduradunekin harremana eduki dut eta beraiekin izandako bileretan guztiek gauza berbera esaten zidaten: ‘Hori Madrilen erabakitzen dute…’. Katalunian politikariek ez dute ezer erabakitzen. Parlament-a erabat debaluatuta dago. Estatutu berriaren kontrako sententziak argi utzi du hori. Gauza horiek salatzea izango da gure lana.
“Parlamentura sartu gara independentzia lortzeko”, esan zuen Joan Laportak. Bideragarria al da?
Azken urteetan subiranotasunari buruz asko hitz egin da Katalunian. Horregatik, hauteskundeetarako CIUk aurkeztu dituen zerrendak ikusteak etsipena eragin dit. Zerrendaburu bezala CIUk aurkeztu dituen hautagai gehienak subiranotasunaren kontra dauden pertsonak dira. Guk uste dugu CIUk boterea baino ez duela nahi. Artur Masek ezingo du gauza handiegirik egin, Kataluniak arazo ekonomiko larriak dituelako.
Laportak lortu dezake hori?
Joan Laportak, Alfons Lopez Tenak eta Uriel Bertranek, Katalunia independente eta aurrerakoian sinisten dute. Laportak, politika egiteko Bartzelona futbol taldeko presidente izatea probestu duela diotenei esango nieke, futbolaren munduan sartu baino lehenago, politikaren eta independetismoaren munduan sartuta zegoela Laporta. Uste dut hori argi uztea garrantzitsua dela. Bartzelonako presidente bezala arrakasta handia lortu du eta horrez gain, izen handiko abokatua da. Arazoa da ez dagoela Kataluniako botereari lotuta. Hau da, Bartzelona zalea da, baina ez da kontserbadorea, ezta enpresari handia. Berak botere guzti horren kontra borroka egin du eta hori egiten hasi zenetik Kataluniako eta Madrilgo hedabide guztiak bere kontra jarri dira. Guk lan egingo dugu hori lortzeko. CIUk ez du egingo. Oportunistak dira eta katalanismoarekin nahi duten moduan jokatzen dute euren interesak babesteko.
Zein abantaila izango lituzke Kataluniako estatu independente batek?
Kataluniak egun bizi duen arazo ekonomikoa, adibidez, konponduko litzateke. Mendebaldeko Europan ezezaguna den egoera bizi dugu. Gure barne produktu gordinaren %10 zerga moduan bidaltzen da Madrilera, baina gero bueltan ez dugu ezer ere jasotzen. Hainbat ekonomista alemaniarrek, kanadiarrek, ingelesek eta frantsesek, gure ekonomia aztertu dute eta ez dute ulertzen nola bizirauten dugun. Estatuari ekarpen modura itzuli beharreko zergak mundu mailan %4 gainditzea oso zaila da. Katalunian, ordea, %10ekoa da. Horrek asko ahuldu gaitu. Katalunia lurralde aberats bezala desmuntatzeko estrategia komuna dute PSOEk eta PPk. Gutxinaka egiten ari diren lana da, baina lortzen ari dira. Enpresari katalan asko Madrilera joan dira.
Autonomien eredua agortuta ikusten duzu, beraz.
Bai. Estatutu berriaren kontrako sententziak gainera eragin handia izango du. PSOEk eta PPk argi utzi dute ahal duten guztia egingo dutela gure kontra. Katalunian eta Euskal Herrian antzeko egoera gertatzen ari da. Genozidio kulturala egiten ari dira bi lekuetan. Estatutuaren kontrako sententziak dio gaztelania derrigorrezkoa dela Katalunian, baina katalana, berriz, ez. Horrek derrigorrezkoa ez denaren ezabaketa baino ez du bilatzen. Azken inkestek diote herritarrren %37k erabiltzen duela katalana, beraz, gehiengoak gaztelania erabiltzen du. 200.000 hiztun baino gehiago galdu ditugu Valentzia inguruan. Katalanez emititzen duten TV3en irrati emisora guztiak kentzen ari dira bertan. Europako kasu bakarra da gurea. Tibeten txinatarrarekin berbera egingo balute mundu mailako oihartzuna izango luke horrek. Palestinako eta Saharako kasuekin gertutasun handia dugu. Gure lurraldea ez dute zapaltzen, baina gure eskubideak, berriz, bai. Uste dute gainera, gu zapaltzeko eskumena dutela.
Hiruko gobernuak milaka boto galdu ditu. Gizarteak aldaketaren alde egin du?
Zalantzarik gabe. Naturaren kontra egiten diren hitzarmenak azkenean hautsi egiten dira. Orain urte batzuk esan zuten katalanismoa krisian zegoela eta etorkizuna gogorra izango zela abertzaleontzat. Dena den, hauteskundeen ostean argi geratu da abertzaleon gehiengoa nagusi dela Katalunian eta horren erakusle da parlamentuaren banaketa. Nola izango da berriz ere Jose Montilla Kataluniako presidente? La Vanguardia egunkarian Kataluniak eskubide historikorik ez duela idatzi zuen pertsona batek ezin du berriz ere presidente izan. Zein presidentek ukatzen dizkio eskubideak bere herriari?
Nola ikusi duzu CIUren nagusitasuna?
Urte asko egon dira emaitza horien zain. Oposizioan bide luzea egin behar izan dute. Esquerra Republicanak epe motzean CIU desagerrarazi nahi zuen mapa politikotik, baina egin duten estrategiak kale egin die. Ez dut uste CIUk bezala botoen %38a jasotzea hainbesteko arrakasta denik. Legegintzaldi gogorra izango dela uste dut Artur Masentzat. Arazo ekonomikoak larriak dira eta etorkizunean PPrekin hitzarmenak egiteko tentazioan erortzen bada CIU, independentismoarentzako etorkizun oparoa aurreikusten dut nik.
CIUren garaipena, denboran atzera egitea izan dela esan dute askok. Hala al da?
Askorentzako bai. Nire iritziz, hasieran lana egiten utzi behar zaie, baina uste dut mesfidantza puntu batekin jokatzeko arrazoiak daudela. Kontzertu ekonomikoagatik diot hori, eta baita etorkizunean PPrekin hitzarmenak egiteko aukera baztertu ez dutelako. PPrekin hitzarmenen bat gauzatzen badute, uste dut CIUk jai izango duela Katalunian.
Espainia mailan PPren igoera baino ez dute nabarmendu…
Bai, eta ulergaitza da. Badalonatik hasita PPk Katalunian egin duen hauteskunde kanpaina kezkatzekoa da. Etorkinen kontra eta arrazakerian oinarritutako hauteskunde kanpaina egin dute eta hori ezin da onartu. Demokraziaren muga gainditu dute eta nire iritziz jarrera hori nazioarteko erakundeetan salatu beharko litzateke. Komunitateen arteko gatazka sustatu dute eta gu horren kontra gaude.
Nola uler daiteke %40ko abstentzioa?
Katalan batek ezin du bere eguneroko bizitzan normaltasunez jokatu. Ezin du bere hizkuntza normaltasunez erabili. Espainiar sentitzen den herritar batek, bestalde, normaltasun osoz aritzeko aukera du. Herritar askorentzako Parlament-a eta Generalitat-a ez dira exisititzen. Esango nuke hauteskundeak egon direla ez dakien norbait egongo dela oraindik. Dena den, Europako estatuetako abstentzio mailak ikusita, uste dut %60ko parte-hartzea ez dela gutxi. Hedabideetan oihartzun gutxi izan dugu Espainia mailan eta Katalunian bertan espainiar ikuspuntutik isdatu dituzte hauteskundeak. Oihartzun urria izan dugu hedabideetan. Sare sozialei esker lortu dugu gure egitasmoa zabaltzea.