Jazint Ramirez atxilotu dute Baionan prentsaurreko batera zihoala
Izpurako itxialdian parte hartu zuen pasa den astean; iaz Guardia Zibila haren bila joan zen Altzibarrera
Segiren aurkako polizi operazioaren ondorioz iaz Ipar Euskal Herrira haien lan politikoarekin segitzeko joandako zortzi gaztek itxialdia egin zuten pasa den astean Izpuran (Nafarroa Beherean). Izpurako itxialdian, euroaginduen aurka protesta egin zuten.
Horietako bat zen Jazint Ramirez. Iaz, Guardia Zibila haren bila ibili zen herriko Altzibar auzoan, baina ez zuen antzeman.
Gazte donostiarra gaur goizean atxilotu du Frantziako Poliziak, Baionara (Lapurdi) prentsaurreko batera zihoala. Harekin atxilotu zuten Xalbador Ramirez anaia ere.
Ondoren, eguerdian Endika Perez Larrabetzuko (Bizkaia) gaztea ere atxilotu du poliziak, Basusarrin (Lapurdi).
Atzoko hiru atxilotuekin zazpi dira jada aste honetan atxilotutakoak. Astelehenean Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Aitziber Plazaola eta Beñat Lizeaga atzeman zituzten. Zazpi horiez gain, Irati Tobarrek ere parte hartu zuten Izpurako itxialdian.
Gazteei babesa eman dieten hautetsietako batzuk Perezen atxiloketa bizitu dute. Salatu dutenez, “oso-oso bortitza” izan da eta poliziak mehatxu egin die.
Ramirez anaien atxiloketan, poliziak Jean-Francois Bederede Senpereko hautetsiari eta Elianne Etxeberria hautagai abertzaleari armak erakutsi dizkietela ere salatu dute.