‘Oarso’ aldizkariaren banaketa geratzeko eskatu dute
Errenteriako Udaleko udal taldeek, ezker abertzaleak, EAJk, EBk, PPk eta Hamaikabatek Oarso udal aldizkariaren banaketa gelditzeko eskatu diote alkateari kanpainaurrean alderdi politiko baten mesedetan aritzeagatik, eta gainontzeko alderdiak gutxiestea...
Errenteriako Udaleko udal taldeek, ezker abertzaleak, EAJk, EBk, PPk eta Hamaikabatek Oarso udal aldizkariaren banaketa gelditzeko eskatu diote alkateari kanpainaurrean alderdi politiko baten mesedetan aritzeagatik, eta gainontzeko alderdiak gutxiesteagatik. Hainbat arrazoi eman dituzte aldizkaria erretiratzeko, batik bat ekonomikoak. Izan ere, aldizkariaren diseinuak, maketazioak eta banaketak 6.000 euro inguruko gastua eragingo dio Udalari, “sail guztiak aurrezteko politiketan sartuta dauden momentuan eta aurrekontuak murriztu dituztenean ohiko gastua mugatzeko”, adierazi dute.
Bestetik, Publizitatearen eta Komunikazioaren Legeari egin diote erreferentzia. “Erakundeek egiten eta publikatzen dituzten ekintzak eta publikazioak arautu eta debekatzen ditu, batik bat hauteskunde kanpainetatik hurbil daudenean (egungo kasuan bezala). Horrez gain, hainbat alderdiek euren mesedetan egindako eragin propagandistiko eta elektoralistak saihesten ditu”. Bartzelonako Udalaren adibidea jarri dute, antzeko udal aldizkari bat kendu behar izan baitzuen.
Azkenik etika politikoaren falta kritikatu dute, aldizkaria 2010 urte amaieran argitaratu beharko litzatekeelako urtea laburbiltzeko edota maiatzeko hauteskundeen ondoren.
Gaineratu dute alkateari aldizkaria publikatu aurretik haren edukiagatik galdetu ziotenean ez zela gai izan informazio hori emateko.