Euroaginduen aurkako baraualdia egingo dute bi astez Intzura auzoan
Euroaginduen kontra bi asteko gose greba egingo dute Intzura auzoan Irati Tobar gazte independentistak, Anaiz Funosas euroaginduaren aurkako kolektiboko kideak, eta Iker Elizalde eta Xabi Hirigoien Hendaiako eta Beskoitzeko hautetsi abertzaleek.Herenegun prentsaren aurrera agertu ziren. Bertan, prozedura judizial guztiak bertan behera geratzeko eskatu, eta azken egunetan jasotako elkartasun keinuak eskertu zituzten. Izpuran otsailaren 21etik 27ra itxialdia egin zuten zortzi gazte independentistetatik Tobar da atxilotu ez duten bakarra. Eta hori horrela izateko, Hendaiako Herriko Etxeko ordezkariek emandako babesak zerikusi handia izan du. Herenegun horren beste adibidea eman zen: Tobarri aterpea eman dion Iker Elizalde hautetsi independentistaren etxetik PSko kontseilari nagusi Kotte Ezenarrok eraman zuen gaztea autoz Intzurara. Agerraldian hautetsi abertzaleez eta Ezenarroz gain, PS, PCF edo Front de Gauche alderdietako beste hainbat ordezkari ere izan ziren, baita gaztearen senitartekoak ere. Iker Elizalde Biharko Hendaiako zinegotziak protestaldiaren helburua «euroagindu prozedura guztiak bertan behera uzteko eskatzea» dela esan zuen. «Errepresioaren aroa atzean utzi eta Euskal Herrian zabaldu den prozesu politikoari ekarpen positiboa» exijitu zien Espainiako eta Frantziako estatuei. “Etxeko ateak irekitzea ikaragarria izan da niretzat” Ardura handia duen arren, indartsu dago Irati Tobar. Hitza-ren galderak baraualdia hasi berritan erantzun ditu. Zer moduz zaude? Zein animorekin hasi duzu baraualdia? Oraingoz ondo. Bigarren eguna da [...]
“Etxeko ateak irekitzea ikaragarria izan da niretzat”
Ardura handia duen arren, indartsu dago Irati Tobar. Hitza-ren galderak baraualdia hasi berritan erantzun ditu.
Zer moduz zaude? Zein animorekin hasi duzu baraualdia?
Oraingoz ondo. Bigarren eguna da gaurkoa [atzokoa] eta animoso nago, jende asko etorri delako eta beste bi hautetsirekin egiten ari naizelako gose greba. Nire kideen berri ere izan dut, gaur [atzo] Paueko (Okzitania) epaitegitik pasatu dira eta animoak bidali dizkidate. Horrek ere indarrak ematen dizkit.
Nolabaiteko ardura ere baduzu. Nahi gabe, bozeramaile bihurtu zara.
Zortzietatik aske geratzen den bakarra ni naiz. Edozein momentutan atxilotua izan ninteke. Prentsaurreko batera ez nintzen joan, Hendaian geratu nintzen lan bat egiten, eta horregatik ez ninduten atxilotu…
Zein mezu zabaldu nahi duzu?
Alde batetik, ez dutela hain lan erraza, beraiek bilatzen zutena zelako zortzirak bi egunetan atxilotu eta mugimendu honekin bukatzea. Eta bestalde, babesa aurkitu dudala hautetsi abertzaleez harago, sozialistekin, komunistekin…
Pertsonalki harrituta geratu zara Hendaian jasotako erantzunarekin?
Joan den asteazkeneko udalbatzarrean egon ginenean, bagenekien Ikerren [Elizalde] etxe aurrean poliziak zeudela, eta nik uste nuen atxilotu egingo nindutela. Aukerarik onena beste norbaiten etxera joatea izango zela erabaki zuten. Hau da, etxeko ateak irekitzea ikaragarria izan da niretzat. Ez nuen espero; euroaginduaren kontra daudela esaten dute, baina inoiz ez dute pausorik eman.
Elkartasun mezu asko iritsi zaizkizu.
Asko eskertzen ditut. Sortu den mugimendua izan dadila baliagarri euroagindua ez aplikatzeko.