Plan Orokorreko agiriaren aurrerapena Arma Plazan jarriko dute
Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko dokumentuaren aurrerapena Arma Plazako Interpretazio Zentruan jarriko dute ikusgai datorren astelehenetik aurrera.Hiritarrek plana ezagutzeko aukera izango dute, baita alegazioak aurkezteko aukera ere, bi...
Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko dokumentuaren aurrerapena Arma Plazako Interpretazio Zentruan jarriko dute ikusgai datorren astelehenetik aurrera.Hiritarrek plana ezagutzeko aukera izango dute, baita alegazioak aurkezteko aukera ere, bi hilabetez. Dokumentua hiru zatitan banatu dute: memoria, garraio eta mugikortasun azterketa eta ingurumenaren gaineko earaginaren ikerketa.
Aldaketa izan da Plan Orokorra egiteko garaian, izan ere, Irungo zentrutik atera eta Mendelutik, aireportutik eta Hondarribiko zentrutik pasata hondartzara iritsi behar zen tranbiaren proiektua bertan behera gelditu daiteke. Aitor Kerejetak, Hondarribiko alkateak azaldu duenez, “proiektu hau aurreko Jaurlaritzarekin sinatu genuen, eta egungo gobernuarekin, badirudi proiektuak ez duela aurrera egingo”.
Gainera, astearteko plenoan, Hondarribira metroa iristeko proposamenaren inguruan iritzi ezberdinak azaleratu ziren. Kerejetak azaldu zuenez, “Plan Orokorrean ezin da metroaz hitz egin, izan ere, egin gabeko ideia besterik ez da”. Udal talde guztiek euren iritzia eman zuten eta eta Ion Elizaldek, Hamaikabateko kideak, “proiektua ez da beharrezkoa, ezta iraunkorra ere” azaldu zuen. Miren Legorburuk, Ezker Abertzaleko ordezkariak, “eskualdea batuko duen tranbiaren” alde egin zuen eta PP-ko Jose Luis Lizarragak aldiz, dudan jarri zuen”metroaren bideragarritasuna, kostua eta bidaiari kopurua kontuan hartuta”. Metroaren alde egin zuen bakarra Iosu Alvarez sozialista izan zen, “mugikortasuna beharrezkoa da, eta Bizkaiak bere garaian egin zuen apustua hemen ere egin behar da”.