H1ek dio lan harremanetako auziek Udalaren ekonomia kaltetuko dutela
Udaltzainen lan egutegiaren gainean negoziatzen hasteko eskatu dio H1ek Alkatetzari. «Lan harremanak auzitara eramatearen ondorioz, Pasaiako Udaleko egoera ekonomiko eskasa okerrera egingo» duela dio H1ek. Pasaiako udaltzainen aldeko ebazpenak aipa...
Udaltzainen lan egutegiaren gainean negoziatzen hasteko eskatu dio H1ek Alkatetzari.
«Lan harremanak auzitara eramatearen ondorioz, Pasaiako Udaleko egoera ekonomiko eskasa okerrera egingo» duela dio H1ek. Pasaiako udaltzainen aldeko ebazpenak aipatu ditu alderdiko hautagai Miriam Canok adibidetzat eta lan egutegiaren gaineko erabakia beste udal talde politikoei kontsultatu gabe adostu izana aurpegiratu dio Gobernu Taldeari.
Legegintzaldi osoan «gardentasun falta pairatu» dutela esan du H1ek eta zentzu horretan udaltzainen aldeko ebazpenen berri Gobernu Taldearenak ez diren iturrietatik jakin izana deitoratu dute. H1ek jakinarazi duenez, Udalak ez du ebazpenen kontrako helegiterik jarriko, eta horren berri ere iturri ofizialetatik kanpo izan dutela salatu dute.
Negoziatzeko eskaera
H1ek esan duenez ebazpenak aldekoak izanik, udaltzainek orain konpentsazio ekonomikoak eska ditzakete, eta diotenez, horrek are gehiago okertuko du Udalaren egoera ekonomikoa. Horregatik alkatetzari zein udaltzaingoaren arduradun politikoari lan egutegiaren arazoaren gainean negoziatzen hasteko eskatu diote, langileek har ditzaketen neurriek «Udalerako ahalik eta eragin txikiena izan dezaten».