Elkarretaratze jendetsua eta anitza euroaginduen kontrako gose grebalariei elkartasuna adierazteko
Herriko Etxe parean bildutakoen artean poza nabaria zen, batetik, parkarten atzean Euskal Herrian gutxitan lortutako aniztasun politikoa bildu delako, eta, bestetik, azken asteetan Hendaian zerbait handia egin delaren sentipena nabaria delako.
Gutxitan elkarrekin ageri diren koloreak nahastu dira gaur 11:00etan hasi eta ia ordubetez Hendaiako Errepublika plazan euroaginduen kontra eta bi astez gose greba egin duten Irati Tobar gazteari eta Iker Elizalde eta Xabi Hirigoien Hendaiako eta Beskoitzeko hautetsi abertzaleei elkartasuna adierazteko egin den elkarretaratzean.
Hiru gose grabalariek txalo artean zabaldu dute Pour les respect des droits civils et politiques. Non au mandat d’arrêt européene! (Eskubide zibil eta politiko guztiei errespetua. Euroaginduei ez!) goiburuko pankarta. Haiei sustengoa emanez Bidasoaren bi aldeetako alderdi politikoetako ordezkari ugari bildu dira Herriko Etxeko atarian: Hendaiako udaletxeko ordezkari sozialistak, abertzaleak, komunistak, ekologistak, eta Front de Gauchekoak, ezker abertzaleko Irungo eta Hondarribiko zinegotziak, baita zenbait militante historiko ere. Herriko kultur eta gizarte eragile anitzetako ordezkari ere bertaratu dira. Irundik hogeitik gora gazte giza-katean joan dira Hendaiaraino, Euroagindurik ez zioen errotulagailu erraldoi bat buruan zutela.
Elkarretaratzea jendetsua izateaz gain, oso giro onean burutu da. Bildutako gehienek gauza bera zuten hizpide, hots, azken asteetan Hendaian ustegabekoa eta neurri handikoa den mugimendu bat eraiki dela.