Udalbatzak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra onartu du
Udalbatzak Hiri AntolamendurakoPlan Orokorra onartu du. PSE-EEz eta PPz gain, ezker abertzaleak ere alde bozkatu du, helegiterako epea lau hilabetera luzatuta
Irungo Udalbatzak 2025. urtera arte hirigintzaren ardatz izango den Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) behin-behinean onartu zuen atzo, PSE-EEren, PPren eta ezker abertzalearen aldeko bozekin. EAJ abstenitu egin zen, eta Ezker Batua-Aralar kontra agertu zen. Bozketaren aurretik, Miguel Angel Paez alkateordeak hirigintza batzordetik eramandako dokumentua defendatu zuen, «alderdi guztiek aho batez» onartutako irizpideeen eta helburuen txostenean oinarrituta, eta talde teknikoak erredaktatuta.
Paezentzat, plana atzo onartu ezean, atzerapena eta kostua oso handiak lirateke: «Arlokako txostenak berriro eskatu beharko genituzke, eta talde teknikoa bera ere lehiaketa publikora atera beharko genuke, luzapenen mugan gaudelako».
Planaren eztabaidaren aurretik EAJk gaia udal hauteskundeak igaro arte atzeratzeko proposatu zuen. Maria Eugenia Iparragirrek esan zuen prozesuan «beste atzerapen batzuk» egon direla, eta izandako gastu batzuekin ere ados ez daudela nabarmendu zuen. «Gobernuaren ardura da ahalik eta batasun handiena lortzea», gaineratu zuen Iparragirrek. Jeltzaleen proposamenak Ezker Batua-Aralarren eta ezker abertzalearen bina zinegotzien sostengua izan zuen, zortzi boto guztira. PPren lau ordezkariak abstenitu ziren eta PSE-EErenak kontra bozkatu zuten, proposamena atzera botaz.
Udal Gobernuko bazkideak, PPk, HAPOaren behin-behineko onarpenaren alde bozkatu zuen. Juana Bengoetxea PPren ordezkariak talde teknikoa zoriondu zuen, «dokumentu bikaina» prestatu duelako. Hala ere, bere alderdiak «zalantzak» dituela onartu zuen. Batetik, «fondoari dagokionak», Iparralde-Gal eremuaren, Plaiaundiko kirol instalazioen, eta Udal liburutegi berriaren gainean. Eta batez ere «zalantza kontzeptualak» dituela esan zuen Bengoetxeak, «hemendik hamabi urtera arteko asmoa delako, eta kaiola bihurtu daitekeelako». 2024. urtera arte Irungo Udalak 108 milioi euro gastatzeko aukera izango duelako «eszeptiko» agertu zen. Halere, Irunek «tresna bat» behar duela uste dute PPkoek.
Manuel Millan Ezker Batua-Aralarreko bozeramailea kexu agertu zen, Udalbatzara eramandako dokumentuak irizpide eta helburuen txostenaren garapena izan beharko lukeelako eta, bere hitzetan, «zenbait arlotan ez du hiria garatzen, eta beste batzuetan hasierako asmoetatik urruntzen da». Besteren artean, etxebizitzen eta jarduera ekonomikoetarako eremuen arloetan konpromiso zehatzagoak faltan bota zituen Ezker Batuko kideak. Planaren finantzazio aurreikuspenen «birtualitatea» ere kritikatu zuen Millanek.
Udalbatza bukatuta, «aukera bat galdu» dela adierazi zuen Millanek. «Bozketa politikoa izan da, hauteskundeei begira egindakoa. Ez da txostenaren funtsa eztabaidatu», gaineratu zuen. Bere ustez, Udal Gobernuak txostena atzo onartzea «ezinbesteko» zuen, hauteskundeen ondoren «Udalbatzaren osaketa bestelakoa» izango delako, eta «negoziatu beharko» duelako. Ezker Batua-Aralarrentzat, «Santano alkateak lurperatu egin du» irizpide eta helburuen txostenak lortutako ahobatekotasuna.
Ezker abertzalea, alde
Ezker abertzaleko zinegotzi Peio Gaskonek HAPOaren eztabaidan «gizartearen parte hartzea bermatzeko neurriak» eskatu zizkion Gobernu Taldeari. Besteak beste, prozesuaren kronologia bat prestatzea eta hura gizarteratzea, hiri mailan eta gehien kaltetuetako auzoetan bilera teknikoak antolatzea, eta helegiteak aurkezteko epea bi hilabetetik lau hilabetera luzatzea.
Miguel Angel Paez Hirigintza zinegotziak ezker abertzalearen eskaera «zentzuzkoak» onartzeko konpromisoa agertu zuen. «Ez dugu arazorik ikusten epeak luzatzeko, eta eskatutako bilera horiek plangintza erredaktatu duten teknikoek ematea; horri ere ondo deritzogu». Gaskonek bere taldeak alde bozkatuko zuela iragarri zuen, eta dei egin zien gizarteari eta «alderdi ezkertiarrei» datozen hilabeteetako eztabaidan parte hartzeko, «dokumentuari hobekuntzak ezartze aldera».
EAJren udal taldeak ez zuen txostenaren eztabaidan parte hartu, eta azken bozketan abstenitu egin zen. Bilkura bukatu eta gero, Maria Eugenia Iparragirre kazetariekin bildu zen, bere alderdiaren balorazioa egiteko. Udal Gobernuaren jarrera gogor kritikatu zuen Iparragirrek: «Teknikoekin biltzeko eskaria egin genuen, eta ez digute utzi. Are gehiago, erantzunik ere ez dugu jaso. Adostasunik ez dagoenean oposizioaren erantzunkizunari dei egiten dio alkateak, baina alkatearena zen irizpideen eta helburuen txostenaren gainean lortutako ahobatekotasuna zaintzearen ardura, eta ez du hori zaindu», salatu zuen. Udal Gobernuari «seriotasun eza» leporatu zion zinegotzi jeltzaleak.
Atzo behin-behinean onartutako testua garatzeko eztabaidan parte hartuko dutela aurreratu zuen Iparragirrek. Bere esanetan, «hauteskunde aurreko giroa dela eta, gaur [atzogatik] ez zen egunik egokiena horretarako».
Alkatea pozik
Saioaren amaieran Jose Antonio Santano alkatea pozik agertu zen zinegotzien «hiru laurdenek» alde bozkatu zutelako. Gainontzekoen aldekotasuna lortzeko lan egiteko konpromisoa agertu zuen Santanok.