OB: «Topoko lanekin Arraguak bitan banatua egoteari utziko dio»
OiartzunBaik (OB) Arraguan, topoaren inguruan egiten ari diren lanen balorazio oso positiboa egin du: “Lanak oso garrantzitsuak dira, auzoa bitan banatzen zuen oztopoa gainditzen baita. Oztopo hau ezabatzearekin batera, irisgarritasunean pauso handia eman da, goiko auzorako sarbidea erraztuko baita topoaren geltokiaren barrena”. Ingurua ere hobetu dute lanek, OBtik gogorarazi dutenez: “Auzoko goiko alderako sarbideak hobetzen dira, eskailera eta arranpaz gain igogailua ere barneratzen baitu estazioak. Bestetik, eraiki berri den trenbidearen egitura, aurrekoa baino askoz ere arinagoa da, eta permeabilizazioa eskaintzeaz gain, inpaktu bisuala eta akustikoa izugarri murrizten ditu. Egitura zaharrean trenbidea harri-txintxar gainean zegoen, zarata izugarria egiten zuen, orain, aldiz, trenbidea hormigoizko egitura baten gainean dagoenez zarata asko murriztu da”. OiartzunBaiko kideak pozik daude, Arraguako topoaren permeabilizazioari esker auzoaren mugikortasuna eta irisgarritasuna izugarri hobetzen direlako, “lan hauek Ugaldetxoko bidegorrira iristea eta Elizaldeko espaloira iristea ere errazten baitute”. Bizilagunen ezinegona Hala ere, Gobernu Taldeak egin duen “kudeaketa kaskarra” salatu du OBk. Bere ustez, bizilagunak ez ditu kontuan hartu: “Lanak inongo antolaketarik gabe gauzatzen ari dira, sasi-biziberritze honetan”. Horrez gain, OBk uste du Gobernua ez dela ezer egiten ari lanak bizilagunen eta komertzioen beharrekin adosteko eta hori haserre handia eragiten ari dela dio: “Gobernu honen zoritxarreko hainbat erabakiren ondorioz, Arragua biziberritzeko proiektu [...]
OiartzunBaik (OB) Arraguan, topoaren inguruan egiten ari diren lanen balorazio oso positiboa egin du: “Lanak oso garrantzitsuak dira, auzoa bitan banatzen zuen oztopoa gainditzen baita. Oztopo hau ezabatzearekin batera, irisgarritasunean pauso handia eman da, goiko auzorako sarbidea erraztuko baita topoaren geltokiaren barrena”.
Ingurua ere hobetu dute lanek, OBtik gogorarazi dutenez: “Auzoko goiko alderako sarbideak hobetzen dira, eskailera eta arranpaz gain igogailua ere barneratzen baitu estazioak. Bestetik, eraiki berri den trenbidearen egitura, aurrekoa baino askoz ere arinagoa da, eta permeabilizazioa eskaintzeaz gain, inpaktu bisuala eta akustikoa izugarri murrizten ditu. Egitura zaharrean trenbidea harri-txintxar gainean zegoen, zarata izugarria egiten zuen, orain, aldiz, trenbidea hormigoizko egitura baten gainean dagoenez zarata asko murriztu da”.
OiartzunBaiko kideak pozik daude, Arraguako topoaren permeabilizazioari esker auzoaren mugikortasuna eta irisgarritasuna izugarri hobetzen direlako, “lan hauek Ugaldetxoko bidegorrira iristea eta Elizaldeko espaloira iristea ere errazten baitute”.
Bizilagunen ezinegona
Hala ere, Gobernu Taldeak egin duen “kudeaketa kaskarra” salatu du OBk. Bere ustez, bizilagunak ez ditu kontuan hartu: “Lanak inongo antolaketarik gabe gauzatzen ari dira, sasi-biziberritze honetan”. Horrez gain, OBk uste du Gobernua ez dela ezer egiten ari lanak bizilagunen eta komertzioen beharrekin adosteko eta hori haserre handia eragiten ari dela dio: “Gobernu honen zoritxarreko hainbat erabakiren ondorioz, Arragua biziberritzeko proiektu handia noiz, nola bukatuko den inork ez daki. Koherentziarik gabeko partxea da”.