Ezker abertzalearen osoko zuzenketa aurrekontuari
Osoko zuzenketa aurkeztu die ezker abertzalea aurrekontuei
Bideratzerakoan epeak errespetatu ez dituztela eta, aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztu die ezker abertzaleak “25 eguneko epean ez baitugu sakonean aztertzeko aukerarik izan”. Horren harira, astelehen eguerdian ezker abertzaleak egindako agerraldian Gobernu Taldeak aurrekontuak osatzeko garaian erabili duen “bat- batekotasuna” salatu du.
Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontuari kudeaketa tresna baino, “tramite hutsa” iritzi dio Karlos Murua zinegotziak. Izan ere, kontuan izanik maiatzaren 22an udal hauteskundeak izango direla, aurrekontua onartzekotan egungo Gobernu Taldeak ez luke hori kudeatzeko denborarik. Hala, “hurrengoei ardura ezarri eta asmoak baldintzatzen ariko ginateke” gaineratu du Muruak.
Gastu sozialaren murrizketa
Aurrekontuak talde baten asmoen eta proiektuen isla izateaz gainera finantza eta ekonomia plan baten barruan txertatu behar dira ezker abertzalearen iritziz “Gobernu Taldearen aurrekontuak, baina, kontuak orekatzea bilatzen du eta epeak betetzea, besterik ez” gaineratu du Muruak. Horrekin batera, aurrekontuek Gobernu taldea osatzen duten alderdien “politika soziala zein den” argi erakusten duela nabarmendu du Santi Angulo zinegotziak. Azken honek, gogor salatu du gastu sozialek aurrekontuan duten murrizketa handia “gastu arrunta berdin mantendu eta beharrezkoak ez diren gastu asko desagertzen ez diren bitartean, herritarrek dirulaguntzen bidez, edo beste laghuntzen bidez jaso behar duten dirua murrizten da izugarri”.
Irizpide baztertzaileak
Herriko elkarteek jasotzen dituzten dirulaguntzak ere izan ditu hizpide Angulok. Bere esanetan “batzuei laguntzak zentimo bakarra ere murriztu ez dieten bitartean, beste batzuei %20 jeitsi diete laguntza”. Erabaki hauek gainera “irizpide baztertzaileak erabilita” hartu direla salatu du Angulok eta egoera horiek aldatu behar direla gaineratu.
Gobernu taldeak egindako aurrekontuak, bestalde, alkatearen soldata ia 2.000 euro igotzea aurreikusten du: “krisi egoera dela eta gastuak murriztu behar direla esaten ari dira etengabe. Gastu soziala murriztu dute, langileei soldatak jeitsi dizkiete, elkarteei emandako dirulaguntzak murriztu dituzte… eta alkatearen soldata berriz, igo egingo dute”.