Udaltzaingoak eko-motoa aurkeztu du
Irungo udaltzaingoak ibilgailu berria aurkeztu zuen atzo, hiriko kaleak patruilatuko duen lehen moto elektrikoa. Luma enpresak garatu du, eta Lemev izenarekin bataiatu dute. Datozen asteetan hasiko dira probatzen, hiru hilabetez udaltzainen flotan sart...
Irungo udaltzaingoak ibilgailu berria aurkeztu zuen atzo, hiriko kaleak patruilatuko duen lehen moto elektrikoa. Luma enpresak garatu du, eta Lemev izenarekin bataiatu dute. Datozen asteetan hasiko dira probatzen, hiru hilabetez udaltzainen flotan sartuko baitute. Atzoko aurkezpenean Hiritarrekiko harremanetarako ordezkari Maite Cruzadok Udalak iraunkortasunarekin konpromiso irmoa duela adierazi zuen: “auto elektrikoaren aldeko apustua egin nahi dugu eta errekarga elektrikoak egiteko puntuak hiriko aparkalekuren batean jartzeko aukera aztertu nahi dugu, era horretan ibilgailu elektriko horiek flotan sartzea kontuan hartu nahi dugun beste aukera bat da”. Garraio iraunkorrarekiko alternatiba berriak garatzen jarraituko dutela gaineratu zuen Cruzadok.
Elektrikoa % 100ean
Luma enpresak bi urtez egin du lan Lemev modeloa kalera atera aurretik. Zentro teknologikoek, lehia-ingeniaritzek, erakundeetako erabiltzaileek eta erabiltzaile pribatuek parte hartu dute proiektuan. Lemev motoa ehuneko ehunean elektrikoa da, ekomugikortasun iraunkorrerako alternatiba izateko garatutakoa. 105 kilometro orduko abiadura har dezake, eta 80 eta 100 kilometroko autonomia du. Bateria agortuz gero bi orduko tartea behar du guztiz kargatzeko. Lemev motoaren kostoa 4.200 eurokoa izan da.