Legegintzaldiko azkeneko ohiko udalbatzarra egingo dute bihar arratsaldean
Legegintzaldiko azkeneko ohiko udalbatzarra egingo dute bihar arratsaldean, 19:30etik aurrera. Bertan, guztira, hamar puntu jorratuko dituzte. Gairik garrantzitsuenetakoak hirigintzaren arlokoak dira. Horrela, Lezoko Hirigintza Plan Orokorraren testu bateratua bozkatuko dute. Horrez gain, Papresak sustatutako arau ordezkatzaileen 27. aldaketa bertan behera uzteko diktamena aztertuko dute zinegotziek. Bi mozio ere aztertuko dituzte. Alde batetik, Amiantoaren Biktimen Euskal Elkartearen (ASVIAMIEren) mozioa izango da bat eta bestea, berriz, hondakinen kudeaketaren gainean Usurbilgo Itunak aurkeztu duena izango da. Udal hauteskundeetako hautes mahaien zozketa alkatearen esku uzteko proposamena aztertuko dute baita ere. EAJren mozio alternatiboa EAJk jakinarazi duenez, hiri hondakinen kudeaketaren gaineko mozio alternatiboa eramango dute udalbatzarrera. Bertan proposatu dutenez, “Lezoko Udalak errespetatu egingo du Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko Batzarrak gehien-gehiengoz erabakitako hondakinen kudeaketa politika errespetatuko du”. Gaikako bilketaren alde egiten dute, materia organikoa barne, eta horiek birziklatzearen alde. Hala ere, “beti izango da hondakinen parte bat birziklatu eta konpostatu ezin dena”. Horregatik, hondakin horiek balioztatzearen alde egiten dute, “zabortegietara botata alferrik galdu ordez”. Uste dute “argi dagoela” errausketa bidez energia balioztatzeko planta modernoak “ez direla arrikutsuak pertsonen osasunerako”. Horrez gain, elkartasuna adierazi diete zaborra jasotzen duten herriei. Gainera, hondakinak jasotzeko sistema “ekonomikoki eta ingurumen aldetik jasangarria” martxan jartzeko elkarlanean arituko dela, bai [...]