Hirigintza planaren azken pausoa eman zuten herenegungo plenoan. Aldundiak hala eskatuta, testu bateratua egin behar izan du Udalak akatsak zuzentze aldera eta asteazkeneko udalbatzarrera eraman zuten, onarpena emateko. Ezker abertzalearen aldeko botoarekin atera zen aurrera. Testuaren edukiagatik, EAJk aurkako botoa eman zuen eta PSE-EE abstenitu zen. Beste udalerrietan bezala, Lezon amiantoaren gaineko mozioa eztabaidatu zuten. Inaxio Saizarrek azaldu zituen mozioa aurkezteko argudioak eta Udalari amiantoaren aurkako prebentzio neurriak hartzeko eskatu zioten. Azaldu zuenez, “industrian erabiltzen zen amiantoarekin, min handiena jada eginda dago”, baina egun dauden instalazioak inbentariatzeko eta kentzeko garaian neurria eskatu zuen. EAJren eta ezker abertzaleko zinegotzien aldeko botoarekin atera zen mozioa aurrera. Udal Gobernu Taldeak Usurbilgo Itunaren (hiri hondakinena) gaineko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, besteak beste, hiru urteko moratoria eskatu zuten, zabor organikoa jasotzeko urratsak ematea aldarrikatu zuten eta Zubietan eraiki nahi duten erraustegia ez finantzatzeko galdegin zieten finantza erakundeei. Ezker abertzalearen ilegalizazioari, gainera, erraustegia aurrera atera dutela salatu zuten. Ezker abertzalearen zinegotzien babesa jaso zuen. EAJk eta PSE-EEk jeltzaleen mozio alternatiboaren alde egin zuten. Mozioan, besteak beste, zaborra erraustegiaren bidez energia sortzeko aldarrikatzen zuten. Liburutegiaren datu basea Udal Liburutegiaren datu basea legearen arabera berritzeko diktamena onartu zuten aho batez. Horrez gain, hautes mahaiak osatzeko ardura alkatearen esku [...]
Hirigintza planaren azken pausoa eman zuten herenegungo plenoan. Aldundiak hala eskatuta, testu bateratua egin behar izan du Udalak akatsak zuzentze aldera eta asteazkeneko udalbatzarrera eraman zuten, onarpena emateko. Ezker abertzalearen aldeko botoarekin atera zen aurrera. Testuaren edukiagatik, EAJk aurkako botoa eman zuen eta PSE-EE abstenitu zen.
Beste udalerrietan bezala, Lezon amiantoaren gaineko mozioa eztabaidatu zuten. Inaxio Saizarrek azaldu zituen mozioa aurkezteko argudioak eta Udalari amiantoaren aurkako prebentzio neurriak hartzeko eskatu zioten. Azaldu zuenez, “industrian erabiltzen zen amiantoarekin, min handiena jada eginda dago”, baina egun dauden instalazioak inbentariatzeko eta kentzeko garaian neurria eskatu zuen. EAJren eta ezker abertzaleko zinegotzien aldeko botoarekin atera zen mozioa aurrera.
Udal Gobernu Taldeak Usurbilgo Itunaren (hiri hondakinena) gaineko mozioa aurkeztu zuen. Bertan, besteak beste, hiru urteko moratoria eskatu zuten, zabor organikoa jasotzeko urratsak ematea aldarrikatu zuten eta Zubietan eraiki nahi duten erraustegia ez finantzatzeko galdegin zieten finantza erakundeei. Ezker abertzalearen ilegalizazioari, gainera, erraustegia aurrera atera dutela salatu zuten. Ezker abertzalearen zinegotzien babesa jaso zuen. EAJk eta PSE-EEk jeltzaleen mozio alternatiboaren alde egin zuten. Mozioan, besteak beste, zaborra erraustegiaren bidez energia sortzeko aldarrikatzen zuten.
Liburutegiaren datu basea
Udal Liburutegiaren datu basea legearen arabera berritzeko diktamena onartu zuten aho batez.
Horrez gain, hautes mahaiak osatzeko ardura alkatearen esku uztea erabaki zuten ezker abertzalekoek eta PSE-EEk (EAJ abstenitu egin zen). Pleno bat deitzea baino “praktikoagoa” dela iritzi zuen Haritz Salaberria alkateak. Zozketa publikoa izango dela jakinarazi dute.