Antxoa, musika eta dantza bat izango dira larunbatean Zumardian
Udaleko Euskara zerbitzuak Antxoa Erromeria antolatu du larunbaterako, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zumardian. Ekimena antzinan Alamedan bertan egiten ziren erromerien giroa berreskuratzeko helburuarekin antolatu dute, eta hondarribiarrentzat eta ...
Udaleko Euskara zerbitzuak Antxoa Erromeria antolatu du larunbaterako, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zumardian. Ekimena antzinan Alamedan bertan egiten ziren erromerien giroa berreskuratzeko helburuarekin antolatu dute, eta hondarribiarrentzat eta baita bertako arrantzaleentzat hain garrantzitsua den arrainari protagonismoa ere eman nahi diote, Zumardian jarriko duten parrillan egingo duten Hondarribiko bertako antxoaren dastaketarekin.
Beste behin, Imuntzo eta Beloki trikitilari taldeak musika giroa jarriko du eta hauekin batera, Irungo Meaka auzoko euskal dantza taldea eta Ilunbe dantza taldea ere Zumardian izango dira, erakustaldia egiteko eta bertaratzen diren guztiak dantzan egitera animatzeko. Gainera, Peio Urtxegi hondarribiarrak erromeria anitzetan parte hartzen du, eta bihar larunbata Hondarribian ospatuko duten Antxoa Erromeria aurkeztuko du.
Antxoa parrillan
Musika eta dantza giroaz gain, antxoak parrillan eginda dastatu ahal izango dira, eta hauek prestatzen Jose Ignacio Atorrasagasti maisu oriotarra izango da. Honela Zumardira hurbiltzen direnek antxoa doan dastatzeko aukera izango dute.
Iaz, erromeria ere ospatu zuten Zumardian, baina arrain falta zela eta, antxoak sardinengatik aldatu zituzten. Hala ere, antxoak dastatzeko aukera izan ez bazen ere, jende asko hurbildu zen Alameda ingurura eta iazko esperientzia positiboa errepikatu nahiean, herritarrak Zumardira bertaratzera animatu dituzte Euskara Zerbitzutik. Honela, musika, dantza eta antxo dastatze giroa arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da larunbatean Zumardian.