‘Nagore’ dokumentala emango dute etzi eta ostiralean Niessenen
Errenteriako Berdintasun Sailak antolatuta, Helena Tabernak zuzendutako Nagore dokumentala ikusteko aukera izango da etzi eta ostiralean Niessen zinemetan. Etzi, 18:00etan emango dute, eta etzidamu, 19:00etan. Sarrerak, bi egunetan, euro bat balioko du...
Errenteriako Berdintasun Sailak antolatuta, Helena Tabernak zuzendutako Nagore dokumentala ikusteko aukera izango da etzi eta ostiralean Niessen zinemetan. Etzi, 18:00etan emango dute, eta etzidamu, 19:00etan. Sarrerak, bi egunetan, euro bat balioko du.
Berdintasun Sailetik adierazi dutenez, zinema aretoetan dokumentala egon ez izana eta eman zuten tokietan izan zuen egonaldi laburra konpondu nahi izan dutela ekimen horren bidez.
Testigantzak jasoko dituzte
Zuzendari nafarrak 2008ko sanferminetan izandako hilketa kontatuko du filman. Iruñeko jai horietan Jose Diego Yllanesek bortizki hil zuen Nagore Laffage gazte irundarra. Dokumentalak Laffageren familiako kideen zein lagunen testigantzak jasoko ditu, eta kontakizunaren ildo nagusia Asun Casasola amaren hitzekin bideratuko da.
Prozesu judizialean inplikatutako aldeen iritziak ere bilduko dituzte bertan. Hala, fiskala, alde bietako abokatuak eta emakumeenganako indarkeriaren kontrako kolektiboak ere agertuko dira.
Horrez gain, pelikulak artxibo materiala ere bilduko du: hilketaren berreraikuntzaren irudiak, eta baita epaiketa ere.