‘Egurrezko domina’ Ander Elosegirentzat Europako Slalom Txapelketan
Maila bikaina erakutsi arren esku hutsik itzuli zen Ander Elosegi piraguista irundarra Seu Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak) ospatu den ur bizietako Europako Slalom Txapelketatik. Santiagotarrak taldeak hiru kirolari eraman zituen Seura: Ander Elosegi C1-ean aritzeko, eta Joan Crespo eta Jone Otaño K1-ean. Elosegik munduko kanoista onenen parean dagoela erakutsi zuen, Crespok behar ez zuenean huts egin zuen, eta Otaño urduri irten zen, eta ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu. Elosegik Europakoan azaldu duen maila mantenduz gero ez du inolako arazorik edukiko 2012 olinpiar jokoetan parte hartzeko. Irailean erabakiko da nortzuk doazen Londresera, Bratislavan (Txekiar Errepublika) 7tik 11ra egingo den Munduko Txapelketan. Osteguneko sailkatzean hoberena izan zen. Lehen itzulian ate bat gaizki hartu eta 52 segundoko zigorra ezarri zioten. Baina bigarren jeitsiera paregabea egin zuen irundarrak, akatsik gabe eta marka bikaina ezarriz (96,17). Finalerdietan ibilbide garbia egin zuen, oso erosoa. Arriskurik ez zuen hartu, baina halere hirugarren denborarik onena egin zuen (101,49). Eta finalean ere ez zen okerrago aritu Elosegi, baina edozein kirolarik lortu nahi ez duen postuan amaitu zuen, laugarrenean, brontzezko dominatik 99 ehunekora. Taldekako kanoako proban finalerako bosgarren sailkatu zen Elosegiren taldea, lau segunduko zigorrarekin (112,67). Finalean hobeto aritu zen hirukoa, akatsik gabe, baina ez zuten denbora ona egin [...]
Maila bikaina erakutsi arren esku hutsik itzuli zen Ander Elosegi piraguista irundarra Seu Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak) ospatu den ur bizietako Europako Slalom Txapelketatik. Santiagotarrak taldeak hiru kirolari eraman zituen Seura: Ander Elosegi C1-ean aritzeko, eta Joan Crespo eta Jone Otaño K1-ean. Elosegik munduko kanoista onenen parean dagoela erakutsi zuen, Crespok behar ez zuenean huts egin zuen, eta Otaño urduri irten zen, eta ezin izan zuen lehen kanporaketa gainditu.
Elosegik Europakoan azaldu duen maila mantenduz gero ez du inolako arazorik edukiko 2012 olinpiar jokoetan parte hartzeko. Irailean erabakiko da nortzuk doazen Londresera, Bratislavan (Txekiar Errepublika) 7tik 11ra egingo den Munduko Txapelketan. Osteguneko sailkatzean hoberena izan zen. Lehen itzulian ate bat gaizki hartu eta 52 segundoko zigorra ezarri zioten. Baina bigarren jeitsiera paregabea egin zuen irundarrak, akatsik gabe eta marka bikaina ezarriz (96,17).
Finalerdietan ibilbide garbia egin zuen, oso erosoa. Arriskurik ez zuen hartu, baina halere hirugarren denborarik onena egin zuen (101,49). Eta finalean ere ez zen okerrago aritu Elosegi, baina edozein kirolarik lortu nahi ez duen postuan amaitu zuen, laugarrenean, brontzezko dominatik 99 ehunekora.
Taldekako kanoako proban finalerako bosgarren sailkatu zen Elosegiren taldea, lau segunduko zigorrarekin (112,67). Finalean hobeto aritu zen hirukoa, akatsik gabe, baina ez zuten denbora ona egin eta finalerdietako postu bera errepikatu zuten (115,87). Jon Erguin eta Jordi Domenjo izan zituen taldekide Elosegik.
Crespo aurretik atzera
Joan Crespok K1-eko finalera sailkatzeko helburuarekin joan zen Seura, baina igande goizeko finalerdian huts egin eta ezin izan zuen arratsaldez dominen borrokan aritu. Sailkatze fasean bigarren postua eskuratu zuen, akatsik gabe eta 92,34ko denborarekin. Final-laurdenetan 15. postua eskuratu zuen (95,17), bi segunduko penalizazioa jaso eta gero. Finalaurrekoan ez zuen denbora ona egin, eta 4 segundoko penalizazioa jaso zuen (102,16). Penalizaziorik gabe, egindako markarekin ere ez zen finalean izango.
Taldekako lehiaketan antzerako zerbait gertatu zitzaion Crespori, ondo hasi eta gaizki bukatu zuela, alegia. Sailkapenean Crespok, Samuel Hernanzek eta Carlos Juanmartik bigarren sailkatu ziren, baina finalean gauzak ezin okerrago atera zitzaizkien. Denborarik hoberena markatu zuten (105,12), baina lau akats egin zituzten eta zortzi segunduko zigorra gehituta (113,12), finaleko azken postuan amaitu zuten, urrea lortu zuen Eslobeniako taldetik 7 segundura.
Otaño urduri
Jone Otañok ere ez zuen zorterik eduki asteburuan, eta Munduko Txapelketara begira gauzak hobetu beharko ditu joko olinpikoetan egon nahi badu. Osteguneko K1-eko sailkapen lasterketan oso urduri irten zen, eta egindako akatsen ondorioz 25. postuan sailkatu zen, finalerdietatik kanpo.
Taldeka gauzak okerrago joan zitzaizkion, 50 segundoko penalizazioa jaso eta 9. postuarekin konformatu behar izan baitzuten. Maialen Chorraut donostiarrarekin eta Marta Martinezekin osatzen zuen taldea Otañok.