Gazteen kontrako erasoei “harresia” jartzeko dinamika abiarazi dute
Nahikoa dela esaten dute. Euskal Herriko gazteria independentistaren kontrako jazarpenari “harresia” jarri nahi diote. Horregatik sortu dute Gazte1+ez ekimena. Pasa den astean ezagutarazi zuten, Donostiako Ibaeta auzoko campusean epaiketaren zain dauden hainbat gaztek egindako itxialdiarekin. Hainbat ekitaldi ere egin zituzten, tartean Usurbilen egindako jaialdia. Euskal Herri mailan izandako aurkezpena izan zen pasa den astekoa, eta orain herriz herri ari dira ekimena lantzen. Aste honetan Oarsoaldean hasiko dira gazteen arteko harreman dinamika lantzen. Eskualdean ekimeneko kide dira Xabier Lujanbio oreretarra eta Itsasne Fernandez oiartzuarra. Lujanbiok adierazi duenez, harreman dinamika horren helburua “harresia” eraikitzea da. “Gazteen kontrako erasoren bat dagoenerako, protokolo bat adostu nahi dugu, guztien erantzuna bateratua izan dadin, eta bakoitzak zer egin behar den jakin dezan”, adierazi du Lujanbiok. Horrela, eskualdean atxikimenduak jaso nahi dituzte. Ekimeneko kideek gogorarazi dutenez, Oarsoaldean gazteen aurkako erasoak izan dira azkeneko urteetan. “Orain dela hiru urte 22 gazte atxilotzeko agindu zuten. Hogei atxilotu zituzten, eta horietatik hamabi espetxeratu zituzten. Hamabik ere torturak salatu zituzten”, esan du Lujanbiok. Orain dela hiru urte atxilotu zituzten hamazazpi lagunek epaiketa izango dute uztailaren 18an, 19an, 20an, 26an, 27an eta 28an. Zerrenda beltzak eta jazarpena Atxiloketa eta ondorengo epaiketa horiez gain, eskualdeko hainbat gazteri egindako jazarpenak ere gaitzetsi dituzte Gazte1+ez [...]
Nahikoa dela esaten dute. Euskal Herriko gazteria independentistaren kontrako jazarpenari “harresia” jarri nahi diote. Horregatik sortu dute Gazte1+ez ekimena. Pasa den astean ezagutarazi zuten, Donostiako Ibaeta auzoko campusean epaiketaren zain dauden hainbat gaztek egindako itxialdiarekin. Hainbat ekitaldi ere egin zituzten, tartean Usurbilen egindako jaialdia.
Euskal Herri mailan izandako aurkezpena izan zen pasa den astekoa, eta orain herriz herri ari dira ekimena lantzen. Aste honetan Oarsoaldean hasiko dira gazteen arteko harreman dinamika lantzen. Eskualdean ekimeneko kide dira Xabier Lujanbio oreretarra eta Itsasne Fernandez oiartzuarra. Lujanbiok adierazi duenez, harreman dinamika horren helburua “harresia” eraikitzea da. “Gazteen kontrako erasoren bat dagoenerako, protokolo bat adostu nahi dugu, guztien erantzuna bateratua izan dadin, eta bakoitzak zer egin behar den jakin dezan”, adierazi du Lujanbiok. Horrela, eskualdean atxikimenduak jaso nahi dituzte.
Ekimeneko kideek gogorarazi dutenez, Oarsoaldean gazteen aurkako erasoak izan dira azkeneko urteetan. “Orain dela hiru urte 22 gazte atxilotzeko agindu zuten. Hogei atxilotu zituzten, eta horietatik hamabi espetxeratu zituzten. Hamabik ere torturak salatu zituzten”, esan du Lujanbiok. Orain dela hiru urte atxilotu zituzten hamazazpi lagunek epaiketa izango dute uztailaren 18an, 19an, 20an, 26an, 27an eta 28an.
Zerrenda beltzak eta jazarpena
Atxiloketa eta ondorengo epaiketa horiez gain, eskualdeko hainbat gazteri egindako jazarpenak ere gaitzetsi dituzte Gazte1+ez ekimeneko kideek. Gainera, hainbat gazteri kolaborazio eskaintzak ere egin dizkietela salatu dute. Horrez gain, “zerrenda beltzak” ere arbuiatu dituzte. “Inkomunikazioan atxilotuei ateratzen dizkieten izenak dira”, azaltzen du Lujanbiok, “baina ez dituzte segituan erabiltzen. Hor mantentzen dituzte”.
Fernandezen ustez, duten inkonformismoarengatik eta etorkizuna direlako jazartzen dituzte gazteak. “Hala ere, ez dugu independentziaren eta sozialismoaren aldeko borroka albo batera utziko”, gaineratu du.
Hainbat aldarrikapen egin dituzte ekimeneko kideek: Euskal Herrian abian den “prozesu demokratikoarekin” bat egiten dute; gazte proiektu guztiak errespetatzearen alde egiten dute, “independentzia eta sozialismoa barne”; “torturak eta tratu txarrak ahalbidetzen dituen inkomunikazioa” bertan behera uztea eskatu dute, baita zerrenda beltzak uztea ere; eta gazteen kontra egon litezkeen erasoen kontra “konpromisoa” hartuko dute.