Gizakiak eta animaliak, erakusketa batean lotuta
Gizakia animalia arrazionala dela diote hainbat teoriek, baina guk ez dugu gure burua faunaren barruan sartzen. Gizakiaren eta animalien arteko harremanaren gainean hausnartzera eramaten duen erakusketa ireki zuten atzo goizean Ficoba erakustazokan. Uztailaren 3ra arte ikus daiteke faunaren eta gizateriaren arteko harremana azaltzen duen erakusketa, Sentitzea animaliek bezala izenburupean. Bi helburu nagusi ditu erakusketak: bisitariei gizakien eta animalien arteko harremanen inguruan hausnartzea, eta naturarekiko kontaktua aldarrikatzea. Faureco Europa mailako proiektuaren barruan dago, eta fauna basatia berreskuratzeko zentroek, eta, zehazki, Donostiako Arrano Etxeak egiten duten lana zein den erakutsiko die bisitariei. Bisitariak baso sinboliko batean zehar bidaiatuko du. Baso hori hiru zatitan banatuta dago. Lehenengo espazioak Bizitzaren misterioa du izena, eta, bertan, bisitaria basoaren bizitzan murgiltzen da. Zentzumenak esnatzen dira, naturaren txokoek ezkutatzen dutena ezagutzeko. Bigarren espazioa, Milaka urtetan elkarrekin bizitzaren kontu honetan, gizakien eta animalien arteko harremana iraganean izan zenaren eta gaur egun denaren gaineko hausnarketa egiten du, eta, aldi berean, etorkizunerako testuinguru berriak proposatzen ditu. Azkenik, Arrano Etxea, bizitzaren eta heriotzaren bidean izeneko espazioak fauna basatia berreskuratzeko zentroen lana jasotzen du, Donostiako zentroaren jardunean arreta berezia jarriz. Horrelako zentroek egiten duten lana erakustea da Ficobako erakusketaren beste helburuetako bat. Arrano Etxea, 25 urtez lanean 1985ean, Albisu familia beren inguru [...]
Gizakia animalia arrazionala dela diote hainbat teoriek, baina guk ez dugu gure burua faunaren barruan sartzen. Gizakiaren eta animalien arteko harremanaren gainean hausnartzera eramaten duen erakusketa ireki zuten atzo goizean Ficoba erakustazokan. Uztailaren 3ra arte ikus daiteke faunaren eta gizateriaren arteko harremana azaltzen duen erakusketa, Sentitzea animaliek bezala izenburupean.
Bi helburu nagusi ditu erakusketak: bisitariei gizakien eta animalien arteko harremanen inguruan hausnartzea, eta naturarekiko kontaktua aldarrikatzea. Faureco Europa mailako proiektuaren barruan dago, eta fauna basatia berreskuratzeko zentroek, eta, zehazki, Donostiako Arrano Etxeak egiten duten lana zein den erakutsiko die bisitariei.
Bisitariak baso sinboliko batean zehar bidaiatuko du. Baso hori hiru zatitan banatuta dago. Lehenengo espazioak Bizitzaren misterioa du izena, eta, bertan, bisitaria basoaren bizitzan murgiltzen da. Zentzumenak esnatzen dira, naturaren txokoek ezkutatzen dutena ezagutzeko.
Bigarren espazioa, Milaka urtetan elkarrekin bizitzaren kontu honetan, gizakien eta animalien arteko harremana iraganean izan zenaren eta gaur egun denaren gaineko hausnarketa egiten du, eta, aldi berean, etorkizunerako testuinguru berriak proposatzen ditu. Azkenik, Arrano Etxea, bizitzaren eta heriotzaren bidean izeneko espazioak fauna basatia berreskuratzeko zentroen lana jasotzen du, Donostiako zentroaren jardunean arreta berezia jarriz.
Horrelako zentroek egiten duten lana erakustea da Ficobako erakusketaren beste helburuetako bat.
Arrano Etxea, 25 urtez lanean
1985ean, Albisu familia beren inguru naturalean bizirauteko moduan ez zeuden animalia zaurituak hartzen hasi zen, Igeldoko baserrian. Animaliak berreskuratzen zituzten, ahal zen heinean bizitza basatira itzul zitezen. Horrela, Arrano Etxea sortu zuten, eta azken urteotan egindako lan etengabearen poderioz, Gipuzkoan erreferente bilakatu da faunaren berreskurapenean.
Martxan jarri zenetik, Arrano Etxeak 200 espezietako 7.000 animalia baino gehiago artatu ditu (hegaztiak batik bat), eta horien %63 naturara itzultzea lortu dute. Zentrora iristen diren animalietako asko herritarrek edo eurekin lankidetzan diharduten beste erakundeek eramaten dituzte.
Arrano Etxean jasotzen dituzten animalia gehienak zaurituta daude, tiroa jaso dutelako, edo alanbre-hesiekin, argindar-lineekin edo aerosorgailuekin talka egin dutelako. Hala ere, azken urteotan, zentrora gero eta animalia exotiko gehiago heldu dira, jabeek abandonatuta edo animalia salerosketa ilegalen kontrako operazioek aduanan konfiskatuta. Espezie exotikoen kasuan, animaliak ezin dira naturan askatu, tokiko ekosistema kaltetzeko arriskua baitago.
Faureco proiektua
Faureco proiektua Espainia-Frantzia-Andorra Mugaz gaindiko Lankidetza Egitasmo Operatiboaren (Poctefa 2007-2013) barruan dago, eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren baliabideak ditu.
Helburu nagusia da Arrano Etxea, Illundain (Nafarroan) eta Alca Torda (Landak, Okzitania) fauna berreskuratzeko zentroak teknikoki garatzea, eta ikuspegi sozial bateratua lortzea, egoera txarrean dagoen fauna ahalik eta modu onenean artatu dezaten eta publikoa kontzientziatu eta sentsibilizatu dezaten, gizartearekin harreman zuzena mantenduz.
Halaber, Faurecoren bitartez, fauna basatia tratatzeko eta berreskuratzeko teknikak hobetu eta eguneratu nahi dira, baita parte hartzen duten hiru eskualdeetako biztanleak bioaniztasunaren gainean sentsibilizatu eta herrialde arteko lankidetza sustatu ere. Horretarako, hainbat jarduera aurreikusi dira, besteak beste, honakoak: instalazioak handitu, ekipamendua erosi, langileei prestakuntza eman, kudeaketa sistemak modernizatu eta lankidetza sustatu. Modu horretara, beharrezko giza eta diru baliabideak optimizatu eta zentroen arteko sinergiak sortu nahi dira, zentro bakoitzaren alderik onenei probetxua ateratzeko.