San Juango neskek maila onean daudela erakutsi zuten larunbatean Gipuzkoako Emakumeen II. Traineru Ligako lehen estropadan. Bigarren izan ziren arrosak etxeko estropadan, eta Getaria-Tolosa indartsuaren popa nahi baino gehiago ikusi bazuten ere –estropadaren bukaeran ia 24 segundoko aldea atera zioten sanjuandarrei Getaria-Tolosakoek–, oso ondo hasi dute sasoia Batelerak ontzikoek.
Bost traineruk parte hartu zuten emakumeen ligako lehen estropadan. Lehen txandan Oriok eta Bizkaiko ontziak egin zuten lehia, eta bigarrenean Getaria-Tolosak, San Juanek eta Zumaiak. Hala, Donibaneko arraunlariek Zumaia (hirugarren izan ziren) atzean utzi zuten helmugan, bi segundogatik. Askoz urrutiago gelditu ziren Bizkaia eta Orio.
Emakumeen hurrengo estropada EuskoTren Ligako lehena izango da, datorren larunbatean, Camargon (Kantabria). Galiziak, San Juanek eta Zumaiak parte hartuko dute lehen estropada horretan.
Hondarribia B, tamainan
KAE1 Ligako lehen estropada jokatu zuten herenegun Errioxako El Rasillo urtegian. Portugalete, Zierbena, Santurtzi eta Isuntza taldeen atzetik bosgarren izan zen Hondarribiko B ontzia. KAE1eko ontzi bizkaitarren maila oso-oso altua da, eta meritu handia du berdeeen bosgarren postuak. Datorren asteburuan Portugaleten (larunbatean) eta Santurtzin (igandean) izango dituzte estropadak KAE1ekoek.
KAE2 Ligan, berriz, bi estropada izan ziren asteburuan. Larunbatean, Sestaon (Bizkaia), Trintxerpe-Illunbe laugarren izan zen, San Pedro B bosgarren eta Hibaika bederatzigarren. Herenegun, Elantxoben (Bizkaia), Hibaika seigarren iritsi zen helmugara, Trintxerpe-Illunbe zortzigarren postuan eta San Pedro B bederatzigarrenean. Bi estropada horietan Ondarroako Antiguako Ama ontzia izan zen onena.
KAE2ko laugarren estropada igandean izango da, Donibane Lohizunen. San Miguel Ligako bi estropada ere izango dira hurrengo larunbatean (Camargon, 18:00etan) eta igandean (12:00etan, Bilbon).
Donibaneko emakumeen estropada