Jacinto: “Ez dut inoiz ETAren agindurik jaso”
Gaur jarraituko dute Bateragune Auziarekin Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta deklaratzeko falta diren bi auzipetuen txanda izango da: Miren Zabaleta eta Mañel Serra. Serra hasi da dagoeneko abokatuaren galderak erantzuten. Horiez gain, lekukoek ere parte hartuko dute, tartean, Rufi Etxeberria oiartzuarrak. Atzo gainontzeko sei auzipetuek deklaratu zuten, tartean, Sonia Jacinto oreretarrak. Gainontzeko auzipetuek bezala Bateragune ez zuela osatzen adierazi zuen behin eta berriro Jacintok, eta ekimen hori ez zuela antolatu ez ETAk, ez Ekinek ez beste inork. “Ez dut inoiz ETAren agindurik jaso”, esan zuen. Arnaldo Otegiren deklarazioaren ostean, 19:45 aldera, hasi zen Kepa Landa abokatuaren galderak erantzuten. Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Txelui Morenok bezala, azaldu zuen eztabaida hori Otegik hasi zuela Martuteneko espetxetik atera zenean, eta hala hasi zirela gogoeta egiten, beren kabuz eta inolako talderik osatu gabe. Jacintok Iparraldera egindako bilerak ere azaldu zituen. “Ez ginen ez txarrik egiten ari”. Poliziak gertutik jarraitzen zituela eta zertan ari ziren bazekitela esan zuen: “Denok ezagutzen genuen elkar”. Atzokoan, baina, protagonismoa Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek izan zuten. “Estrategia baketsua eta demokratikoa bultzatzea delitu baldin bada, orduan errugabeak gara”, adierazi zuen Otegik. Gaineratu zuen ETAren asanblearen ondorioak euren ondorioen kontrakoak zirela, “estrategia politiko-militarrean jarraitzen zuten”. Diezek, berriz, “borroka armatuaren aroa bukatzeko apustu [...]
Gaur jarraituko dute Bateragune Auziarekin Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta deklaratzeko falta diren bi auzipetuen txanda izango da: Miren Zabaleta eta Mañel Serra. Serra hasi da dagoeneko abokatuaren galderak erantzuten. Horiez gain, lekukoek ere parte hartuko dute, tartean, Rufi Etxeberria oiartzuarrak. Atzo gainontzeko sei auzipetuek deklaratu zuten, tartean, Sonia Jacinto oreretarrak. Gainontzeko auzipetuek bezala Bateragune ez zuela osatzen adierazi zuen behin eta berriro Jacintok, eta ekimen hori ez zuela antolatu ez ETAk, ez Ekinek ez beste inork. “Ez dut inoiz ETAren agindurik jaso”, esan zuen.
Arnaldo Otegiren deklarazioaren ostean, 19:45 aldera, hasi zen Kepa Landa abokatuaren galderak erantzuten. Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Txelui Morenok bezala, azaldu zuen eztabaida hori Otegik hasi zuela Martuteneko espetxetik atera zenean, eta hala hasi zirela gogoeta egiten, beren kabuz eta inolako talderik osatu gabe.
Jacintok Iparraldera egindako bilerak ere azaldu zituen. “Ez ginen ez txarrik egiten ari”. Poliziak gertutik jarraitzen zituela eta zertan ari ziren bazekitela esan zuen: “Denok ezagutzen genuen elkar”.
Atzokoan, baina, protagonismoa Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek izan zuten. “Estrategia baketsua eta demokratikoa bultzatzea delitu baldin bada, orduan errugabeak gara”, adierazi zuen Otegik. Gaineratu zuen ETAren asanblearen ondorioak euren ondorioen kontrakoak zirela, “estrategia politiko-militarrean jarraitzen zuten”.
Diezek, berriz, “borroka armatuaren aroa bukatzeko apustu sendoa” egin zutela adierazi zuen, eta euren lana “autonomoa, inoren zaintzarik gabekoa eta inolako egiturekin loturari gabea” izan zela.