Tradiziorik zaharrenetakoa gogoratuko dute astelehenean
Santiago eguna ospatuko dute astelehenean Hondarribian eta kutxa entregaren usadioa egingo dute arrantzaleek arrantza oparoa izan dezaten. Aurten, Itxaso Ugartemendia Moreno izango da Santiago eguneko jaian, uztailaren 25ean, kutxa buru gainean eramang...
Santiago eguna ospatuko dute astelehenean Hondarribian eta kutxa entregaren usadioa egingo dute arrantzaleek arrantza oparoa izan dezaten. Aurten, Itxaso Ugartemendia Moreno izango da Santiago eguneko jaian, uztailaren 25ean, kutxa buru gainean eramango duen hondarribiar gaztea eta urtero bezala herriko tradiziorik zaharrenetarikoa gogoratuko dute, kutxa entregatzea. Kutxa entregaren usadioa arratsaldeko 18:00etan hasiko dute, orduan hartuko du Itxasok kutxa buru gainean Kofradiako urteko kontuen liburuarekin, eta Hermandadean hartu eta Elizara abiatuko dira prozesioan.
Kontu liburuak buru gainean
Beste urte batez, kutxak bueltak emango ditu Hermandade parean, baina lehenago, arrantzaleen kofradiatik parrokiara habiatuko dira, San Pedro kalea zeharkatuta. Hiriko musika banda izango dute aurretik, Okendo martxa jotzen. Atzean kutxa eramalea joango da, Itxaso Ugartemendia, Hondarribiko hamabi arraunlariz lagunduta. Atzean arrantz untziko patroiak joango dira.
Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiaren kontu liburuak daramatzan kutxa buru gainean eramango du ondoren, elizatik hermandadera Itxasok eta Hermandadera iritsitakoan bueltak ematea tokatuko zaio, ohiturak esaten duenaren arabera, zenbat eta itzuli gehiago, orduan eta arrantza hobea. Iaz, Jaione Emazabalek eraman zuen kutxa, eta ia 18 kilo buru gainean zituela, 130 buelta eman zituen. Santiago eguna berezia da Hondarribian, arrantzale familiak elkartu egiten baitira.