Amiantoak hiltzen du
Inaxio Saizar, ASVIEMIEren izenean. Pasaia.
Amiantoa izan da, ziurrenik, XX. mendean gehien erabili den minerala. Dituen aparteko gaitasunak eta kostu baxuak ahalbidetu zuen isolatzaile paregabeko bezala izendatzea, mirarien material antzekoa zen, alegia. Ezaugarri horiengatik, eraikinak egiterakoan maiz erabili da, trenetan, ontzietan, hegazkinetan, autogintzan… Isolatzaile termiko bezala ere erabili da, elektrikoak eta akustikoak, metalgintza industrian, instalazio industrialetan, oihalgintza enpresetan… Amiantoa erabiltzeak, ordea, eragin oso txarra izan du materiala erabili duten langileen osasunean eta bizitzan. Amiantoak absestosia, pleurako plakak, birikako minbizia, laringean kalteak, pleurako mesotelioma, peritoneoko mesotelioma sortu dizkie langile horiei, eta gainera, ikertzen ari dira ea erabilera horrek urdaileko minbizia, hesteetakoa, hestegorrikoa, areakoa edo giltzurrunekoa sor dezakeen. ‘Amiantoak hiltzen du’; hau da gure elkartearen leloa.
Euskadiko Erkidego Autonomoan 25.000 langilek amiantoarekin lan egin dutela uste da. Horri, ingurumen kutsaduragatik amiantoaren partikulak arnastu dituztenak eransten bazaizkio, edo etxeko kutsadura izan dutenak gehituz gero, biderkatu egiten da amiantoagatik gaixotasunak izateko arriskua dutenen kopurua. Egun, amiantoa ezin da gorputzetik atera. Epe laburrera edo luzera hiltzeko sententzia da. Aldeak aldez aurretik diagnostikoa egitean datza (…). Osalanek berriki publiko egin du, 5.754 langile izan direla amiantoari esposatuta. Ikus daitekeenez erregistro hori mugatua da, eta ez dio inolaz ere erantzunik ematen azken urteetan EAEn amiantoarekin lan egin dutenen zenbateko osoa zein den ezagutzeko aukerari. Beraz, lan asko dago egiteko oraindik. ASVIAMIEn kontzientziazio lanean hasi gara amiantoarekin lan egin dutenekin, aldizkako osasun azterketa egin dezaten.
Amiantoaren eragin kaltegarriak epe luzekoak dira. Amiantoarekin harremana izan eta gaixotasunak agertu arte 20-60 urte arteko tartea egon daiteke. Kontuan hartzen bada EAEn amiantoa gehien inportatu zen hamarkadak 1960koa, 1970ekoa eta 1980koa izan zirela, egun antzematen ari gara amiantoarekin lotutako gaixotasun asko (…). Ez dago zalantzarik gure ardura nagusiena gaixoen arreta dela. Horregatik beharrezkoa da osasun erakundeek erreferentzia gune bat sor dezatela. (…).
Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) arabera, administrazio publikoek kalte-ordainak eman behar dizkiete amiantoagatik kalteak jasan dituztenei, eta enpresei zigorra jarri behar diete. Egun, bide judizialetik bakarrik eska daitezke kalte-ordain horiek. Gaiarekin lotura duen kasuen lehen epaiketa egiten denerako, ziurrenik kaltetua hilda egongo da. Hortik aurrera bide luze bat hasten da, eta horrek hildakoaren senideei sufrimendu erantsia eragiten die, hildakoa gogoan dutelako, baita honek izan duen gaixotasunaren bilakaera ere. Helegite guztiak ebatzi arte, gainera, bost-zazpi urteko bidea egin dezake bide judizialak. Beste kasu batzuetan, ordea, amiantoa erabili duten enpresak ateak itxi dituzte, edo desagertu egin dira. Konpentsazio funts horrek egoera horiek ekidingo lituzke (…). Eusko Jaurlaritzak ponentzia eratu du funts hori sortzeko aukeraz hitz egiteko. Ekainerako iragarri dituzte aukera horren gaineko ondorioak.