Hendaia

Hendaiako goialdean nenbilela, Orio auzo aldean, Route de la Glacière bidetik gertu, Bidasoaz beste aldetik heldu zait SOS deia: “Mikel, boga egiteari utzi behar diogu. Bestela ere, segitzeko prest?”.

“Bai”, erantzun diet HITZA-ko arduradunei. “Hitza hitz” sos urri garaia izanagatik.
Bogatzeari utzi barik, norabidea zuzendu dut, baita traineru honen lerro-buruaren H-a zuzendu ere: Hendaika izanen da engoitik. Bidenabar, lagunen deia profitatu dut Hendaia bestela ere azaltzeko.

Hendaiak historia laburra du: 1815ean eratu zen. Frantziako Iraultzaz geroztikoa da, beraz. Ixtebe Pellot izan zuen lehen auzapeza. Urruñako auzoa zen ordura arte. Europako estatuen egiturak indartzeaz batera sortu zen Hendaia. Inguruan erreparatzea besterik ez duzu: poliziek eta funtzionarioek taxua ema(te)n diote Hendaiari, hein batean.

Hendaia izen toponimikoa duzu. Zer adierazten duen zaila zait adierazten baina. Urruñatik begiratua, Hendaia ezponda batean dago. Endaia, h-rik gabe, pala da. Arraun-endaia, kasu. Endaitz, lema ere bada, ontzi lema. Orga edo golde baten lema ere da endaitz. Bestela ere, Deban badago Endoia izeneko auzo bat. Nafarroan Endara tokia. Ibai eta itsas ibien magaleko ezponda ote?

Gazteen elkarte baten izena da Hendaitz: Pentsatu, ez sinistu dio euren lemak. Endaika, berriz, arraun elkartea.

Behiala, euskaltzaleek nongotasuna azaltzeko Endaia idatzi ohi zuten euskararen aldeko banderoletan. Bitxikeria ikusirik, neronek h-ren faltaz galdeturik: “H hori hegoaldekoek eman diozue”, erraten zidaten. Solaskideek ez zituzten gogoan nonbait Espainiako 1936ko gerra ostean hona heldu ziren hegoaldearrak. Beranduago, euskara batua sortzean, hendaiar horiek ez ote zuten zuberoarren h aspiratuaren berririk?

Tokiko euskalduntasunaren lekuko: Hondartza Ondarraitz da. Errugbi estadioak halaxe ere izena: Ondarraitz. (H)ondar eta (h)aitz ote? Horra toponimia argiagoa.

Bitxikeriak bitxikeri, Ipar Euskal Herrian bizi ote naizen galdetzean hau erantzun ohi dut: “Gipuzkoako kornerrean bizi naiz, Hendaian alegia”. Denei ez zaie laket ene arrapostua. Baiezpen absoluturik ez dago, noski. Gipuzkoako kornerrean bizi arren, ez bainaiz Espainian bizi, ez Frantzian ere horregatik. Ezta Ipar Euskal Herrian erabat ez orobat ere. Non bizi naizen? Bada Euskal Herrian.

Hendaian bizi, Tuteran bizi edo Trebiñun bizi, euskaraz biziz gero Euskal Herrian bizi zara. Hendaitzeko gazteen gogoaz, bogari ekinez, endai-kadaz, enda eta hitz bat eginik… aitzina. Hitza baita euskal endaren ezaugarri nagusia.

Ekarpen bat

Egin iruzkin bat

*

*


*

  • Xaun
    14 otsaila 2018 at 15:40 - Reply

    Interesgarria, Mikel.

    Hendaia, halere, oraingoaren zatitxo bat bederen XVII. mendean bereizi zen Urruñatik, eta bereziki trenbidearekin hasi zen haunditzen (1863tik aurrera). Ia-ia XIX. mende bukaera arte soilik herri kaxkoa (edo hiri-barnea eta Beltzenia) eta Intzurako (Les Joncaux) baratzeen eremua zegozkion herriari; gainerakoa, Zubernoa auzo zabala (Aragorri/Abbadiatik Santiago-Prioreniaraino (Urruña alderako mendi inguru guziarekin), oraindik Urruñari zegokion.

    Ohartxo bat, lehenbiziko ‘mera’ edo auzapeza (alkatea) Ixtebe Pellot bai, baina ez kortsario izandakoa, izen bereko honen lehengusua baizik. Bidenabar, Pellot ez ezik, beste kortsario ospetsu bat izan zuen Hendaiak, Johannes Suhigaraitxipi ‘Le Coursic’, hain zuzen ere.

    Bestalde, (H)Endaia izenaren antzeko toponimoei dagokienez, aipatutako Endara ez dagokio soilik Nafarroako Foru Komunitateari; haatik, Lesakaren, Beraren eta Irunen arteko muga egiten duen errekari eta inguruari esaten zaio Endara, baita mendian goiti dagoen Endara (edo San Anton) urtegiari ere. Gainera, Endara errekak Bidasoa ibai ondoko eremuari ematen dio izena: Endarlatsa (Endara latsa, erreka). Era berean, Hondarribian bada Endánea izeneko baserri (eta landare haztegi) bat, berezko izena Endara-enea duena.

    Irunen bada, Katea auzoan, Endaietan izeneko toponimoa, eta beste muturrean, Behobia auzoan, Endaitzueta.

  • Send this to friend