Hendaia

Hendaiako goialdean nenbilela, Orio auzo aldean, Route de la Glacière bidetik gertu, Bidasoaz beste aldetik heldu zait SOS deia: “Mikel, boga egiteari utzi behar diogu. Bestela ere, segitzeko prest?”.

“Bai”, erantzun diet HITZA-ko arduradunei. “Hitza hitz” sos urri garaia izanagatik.
Bogatzeari utzi barik, norabidea zuzendu dut, baita traineru honen lerro-buruaren H-a zuzendu ere: Hendaika izanen da engoitik. Bidenabar, lagunen deia profitatu dut Hendaia bestela ere azaltzeko.

Hendaiak historia laburra du: 1815ean eratu zen. Frantziako Iraultzaz geroztikoa da, beraz. Ixtebe Pellot izan zuen lehen auzapeza. Urruñako auzoa zen ordura arte. Europako estatuen egiturak indartzeaz batera sortu zen Hendaia. Inguruan erreparatzea besterik ez duzu: poliziek eta funtzionarioek taxua ema(te)n diote Hendaiari, hein batean.

Hendaia izen toponimikoa duzu. Zer adierazten duen zaila zait adierazten baina. Urruñatik begiratua, Hendaia ezponda batean dago. Endaia, h-rik gabe, pala da. Arraun-endaia, kasu. Endaitz, lema ere bada, ontzi lema. Orga edo golde baten lema ere da endaitz. Bestela ere, Deban badago Endoia izeneko auzo bat. Nafarroan Endara tokia. Ibai eta itsas ibien magaleko ezponda ote?

Gazteen elkarte baten izena da Hendaitz: Pentsatu, ez sinistu dio euren lemak. Endaika, berriz, arraun elkartea.

Behiala, euskaltzaleek nongotasuna azaltzeko Endaia idatzi ohi zuten euskararen aldeko banderoletan. Bitxikeria ikusirik, neronek h-ren faltaz galdeturik: “H hori hegoaldekoek eman diozue”, erraten zidaten. Solaskideek ez zituzten gogoan nonbait Espainiako 1936ko gerra ostean hona heldu ziren hegoaldearrak. Beranduago, euskara batua sortzean, hendaiar horiek ez ote zuten zuberoarren h aspiratuaren berririk?

Tokiko euskalduntasunaren lekuko: Hondartza Ondarraitz da. Errugbi estadioak halaxe ere izena: Ondarraitz. (H)ondar eta (h)aitz ote? Horra toponimia argiagoa.

Bitxikeriak bitxikeri, Ipar Euskal Herrian bizi ote naizen galdetzean hau erantzun ohi dut: “Gipuzkoako kornerrean bizi naiz, Hendaian alegia”. Denei ez zaie laket ene arrapostua. Baiezpen absoluturik ez dago, noski. Gipuzkoako kornerrean bizi arren, ez bainaiz Espainian bizi, ez Frantzian ere horregatik. Ezta Ipar Euskal Herrian erabat ez orobat ere. Non bizi naizen? Bada Euskal Herrian.

Hendaian bizi, Tuteran bizi edo Trebiñun bizi, euskaraz biziz gero Euskal Herrian bizi zara. Hendaitzeko gazteen gogoaz, bogari ekinez, endai-kadaz, enda eta hitz bat eginik… aitzina. Hitza baita euskal endaren ezaugarri nagusia.

Ez dago ekarpenik

Leave a Reply to Ezeztatu ekarpena

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend