Udaltzaingoak jakinarazi duenez, abenduan nahiz urtarrileko lehen asteetan etxean egindako lapurretak ugaritu egin dira. Lapurreta batzuk, gainera, etxean bizi direnak barruan egonda egin dituztela zehaztu dute. Lapurtu dituzten objektuak sakelako telefonoak, dirua, ordenagailu eramangarriak eta erraz eraman daitezkeen bestelako objektuak izan direla azaldu dute.
Etxeetan ez ezik, Gabonetan zehar hainbat poltsa, diru zorro eta sakelako lapurtu dituztela jakinarazi du Udaltzaingoak, batik bat jaietan eta asteburuetan. Horrenbestez, poltsa, beroki eta antzekoak gainean edukitzea gomendatu dute.
Autoei dagokionez, Udaltzaingoak prebentzio kanpaina bat martxan jarri du hainbat parkingetan lapurretak saihesteko.
Etxe lapurretak saihesteko aholkuak
- Etxeko atea giltzaz ixtea, etxe barruan egonagatik ere.
- Pertsona ezezagunei atea ireki baino lehen ongi ziurtatu behar da, eta atezain automatikotik pertsona ezagunak identifikatu.
- Zerbitzuen ordezkariei (ura, argia, telefonoa, gasa…) akreditazioa eskatzea.
- Jende “arraroa” inguruan ikusiz gero, Udaltzaingoari edo Ertzaintzari deitzea.
- Etxera bidean atea irekita topatuz gero, edo leihoa puskatuta, ez sartzeko, eta zuzenean poliziari deitzea sakelako telefonotik edo bizilagun baten etxetik. Etxe barruko ezer ez ukitzeko galdegin dute frogak ez suntsitzeko.
- Kalitate oneko ate bat edukitzea, angelu irekiko behatxulo batekin, eta kalearen mailan dauden etxebizitzetan, berriz, oinarrizko alarma sistema bat jartzeko gomendatu dute, eta batik bat leihoak zaintzeko, eta ahal den neurrian itxita mantentzeko.
- Etxeko giltza galdu, lapurtu edo etxe berri batera joanez gero, sarraila aldatzea.
- Etxetik ateratzerakoan, atea giltzarekin ixteaz gain, gainontzeko ateak eta leihoak itxita daudela egiaztatzea.
- Objektu baliotsuak eta dirua etxean ez uztea, eta beste aukerarik ezean, toki seguruan uztea.
- Etxetik kanpo dagoela ez zabaltzea.