Pasaiako Udalak berriz ere mugen gaia bere agendaren lehen lerroan jarri du. Atzoko udalbatzarrean zinegotziek aho batez onartu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean administrazio egintza egitea, Udalbatzak mugen gaiarekin 2011ko maiatzaren 19an adostutakoaren harira. Hala, egintza horrekin, Pasaiako udalerriaren sorreran, 1805ean, Carlos IV. erregeak ezarritako udalerriaren mugak gauzatzeko eskatuko diote aldundiari.
Bi arrazoigatik indartu du Pasaiak mugen gaia. Batetik, udalaren Mugen Batzorde Berezia berritu egin du, sortu zenetik Pasaiako errealitate politikoa, hortaz, udal ordezkariak aldatu egin direlako eta batzorde horrek horren araberako ordezkariak behar zituelako. Bestetik, 2011ko martxoan Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen Pasaiaren eskaera aintzat ez hartzea, gaiaren mamian sartu gabe, prozedura argudioak emanez. Hartara, gaia berriz ere aldundiaren teilatupean dago orain. Ondoko bideoak alkatearen adierazpena ikus daiteke, atzoko plenokoa.
Pasaia Lezo-Lizeoa
Atzoko udalbatzarreko beste gai mamitsuena Pasaiako Ezkerraren mozio baten harira iritsi zen. Izan ere, talde horretako Xabier Pombok, mozio bidez, eskatu zuen Pasaiako Udalak eta Lizeoak duten hitzarmena –diru ekarpenak eta eraikinen gaia– berriz ere aztertu behar dela, “hori argitu beharra dago. Hitzarmen horren errealitatea zein den jakin beharra dago, eta gogoeta egin behar da”. Horrekin batera, hezkuntzan, Pasaiako Ezkerraren apustua “hezkuntza publikoaren aldekoa” dela esan zuen zinegotziak, eta udaleko “sail guztietan murrizketak” egiten ari diren bitartean, Lizeoari 2013an egingo zaion ekarpena mantentzea kritikatu zuen Pombok; gobernu taldeko kideek horri erantzun zioten, eta esan zuten murrizketen gaia ez dela horrela, sail guztietan ez dela murrizketarik izango, eta hori euren udalgintza politikaren arabera nola egin erabaki dutela. PPri “logikoa” iruditu zitzaion Pasaiako Ezkerraren eskaera, baina esan zuten udalaren barruko hitzarmen guztiekin egin behar direla horrelakoak, “gardentasuna bermatzeko. Horrelakoei ez zaie beldurrik izan behar”.
Amaia Agirregabiria alkatea Lizeoarekin “tematuta” egotea leporatu zion Pombori, era esan zion ea zergatik ez dituen aurkezten gisa horretako mozioak beste hainbat gairekin: “Zure mozioan intentzionalitatea dago, eta hitzarmen hori argitzeaz harago doa”. Lizeoak Pasaian betetzen duen funtzioa aitortu zuen alkateak, Nahikari Otermin EAJren eledunak bezala. Izan ere, Oterminek gogorarazi zuen Lizeoa talde politiko guztiekin bildu dela euren asmoen berri emateko, eta ekarpenak jasotzeko, eta salatu zuen ikastola “elitista balitz bezala” tratatzen duela Pasaiako Ezkerrako kideak, eta Pasaian DBHko zerbitzua ematen duen ikastetxe bakarra dela.
Pasaia Lezo-Lizeoaren hezkuntza komunitatearen ordezkaritza bat izan zen udalbatzarrean eta hitza hartu zuten. Batetik, salatu zuten Pombok “datu okerrak” erabili dituela Lizeoak eta udalak duten hitzarmena “salatzeko” —barkamena eskatu zuen Pombok horregatik—. Bestetik, ikastolak ematen duen zerbitzu publikoa, —”herritarrei hezkuntza euskalduna eta kalitatezkoa eskainiz”—, udalak duela 12 urte aitortu zuela gogorarazteaz gain, Jaurlaritzaren finantzazioa “partziala” delako udalak laguntza ematea “ezinbestekoa” dela zehaztu zuten: “Horren ondorioz, familiek ordaintzen dituzten kuotak askoz txikiagoak dira, eta nahi duen orok du Lizeoan ikasteko aukera”. Ikastolako langileen batzordeko ordezkariek ere hitz egin zuten udalbatzarrean.
Azkenean, Pasaiako Ezkerraren mozioa ez zen aurrera atera, Bilduk, EAJk eta PSE-EEk kontrako botoa eman zutelako (12 boto), eta Pasaiako Ezkerrak eta PPk bakarrik babestu zutelako (hiru boto). Denera, 15 zinegotzi izan ziren atzoko udalbatzarrean, Bilduk batek eta EAJko beste batek ezin izan zutelako joan.
Honako bideoetan Lizeoko kideen ekarpenak ikus daitezke, lehendakariarena, eta langileen batzordeko kidearena:
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.