'Menchu Gal. Paris eta Madril artean' erakusketa antologikoa ireki dute Donostiako Kursaalen

107 lan bildu dituzte, eta horietako 19 margolari irundarraren (1919-2008) lanean eragina izan zuten edo harekin harreman estua eduki zuten artista ezagunenak dira. Marie Blancharden, Salvador Daliren, Fernand Legerren, Pablo Picassoren edo Jose Gracenea irundarraren lan bana dago Kutxa-Kubon, besteak beste. Irailaren 1era arte egongo da ikusgai erakusketa.

Edorta Kortadi arte irakasle eta kritikaria da Menchu Gal. Paris eta Madril artean-ren komisarioa, eta haren ustez, Galek margotzen zuen arnasa hartzen zuen bezalaxe. “Margolan biziak nahi zituen. Ez zituen lan intelektualak, hilak, nahi. Halakoa iruditzen zitzaion arte kubista, harengan eragina izan zuen arren”. Fauvismoak, aldiz, “bizirik” sentiarazten zuen. “Galen nortasun indartsuarekin, bizitasunarekin eta alaitasunarekin bat egiten zuen”.

Erakusketak Galen obra Frantziako eta Espainiako abangoardien testuinguruan kokatu nahi du. Horregatik zintzilikatu dute beste 19 autoreren lan bana. Guztira 107 artelan daude ikusgai: 70 olio, 13 akuarela, 12 akuaforte, bederatzi marrazki, bi litografia eta eskultura bat.

Kutxa Fundazioaren, Menchu Gal fundazioaren eta Irungo Udalaren artean antolatu dute erakusketa. Galen lanak Iruñean, Valentzian, New Yorken edo Bilbon egon dira ikusgai orain gutxi. Kutxak berak erakusketa antologikoa eskaini zion orain 20 urte Donostiako Garibai kaleko egoitzan.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend