Zabarrek 20 urte bete ditu, eta opari ederra jaso du horren harira: Zabarre taldeak argitaratu duen pertsonajearen gaineko ipuina. Aritz Gorrotxagik idatzi du Zabarre ipuina (Donostia, 1975). Pirata famatuaren kondairari, Lezoko garai bateko portuaren giroa, kolorea eta usaina gehitu dizkio Gros auzoan jaio eta orain hiru urtetik Lezon bizilekua duen idazleak.
Remake-a omen da, aurretik zegoen kondairan oinarritu delako Gorrotxategi, baina berritasunak ere baditu. Lezoarren etxeetan, haur zein helduentzat, falta ezin daitekeen lan ederra.
Zabarreren 20. urteurrena da ipuina argitaratzeko aitzakia. Baina nondik sortu da ideia?
Ni orain dela hiru urte heldu nintzen Lezora. Urteetan galdu zen ohitura berrartu eta berriz ere garai hartan Zabarreren etorrera eta agurra antzezten hasi ziren. Horrekin hasi ziren,baina gidoi garbirik gabe, zer egin ere ez zekitela. Oinarria zen Joseba Aurkenerenak orain 20 bat urte idatzitako ipuin bilduma, bertan azaltzen da Zabarre, bere pertonajea izan zelako, komikia ere bazegoen… baino ez zegoen garbi hura guztia nola gorpuztu. Zabarre taldeari ideia batzuk ematea otu zitzaidan, gidoi antzekoa osatzea antzezpena aurrera eramateko eta horretan gelditu zen. 20 urteurrena dela eta ipuina egitea otu zitzaien. Behin betiko historia sotu nahi zuten, pirataren gainean, indarra izango zuena eta horrela sortu zen ipuinaren gaineko ideia.
Zertan oinarritu zara ipuina idazteko?
Nire lana izan da
remake bat egitea nolabait. Oinarria lehenago egina zegoenetik abiatzea izan da, eta gauza berriak ere sartu ditut, beste batzuk eguneratu. Historiaz gain Lezok portua izan zueneko garaia, usaina, kolore hura berreskuratzen ere saiatu naiz historian. Historiaz gain, gainetik bada ere, badaude garai hartako elementoak, emakume batelariak, ontziola… gaur egun berreskuratu dezagun garai hartakoa.
Zabarre pirataren gaineko historia berritasunekin osatu duzula esan duzu…
Batez ere saiatu naiz Zabarreren haurtzaroa berregiten. Ipuinaren zati handi batean haurtzaroaz aritu naiz, eta historian ez zen alor hori hainbeste aipatzen. Beste berritasuna Zabarreren ama da nire ipuinean. Zabarrek ama bazuen baina hila zuen eta hasierako historioko hura aldatu eta ama jarri diogu, bizirik dago eta gainera badu bere pisua ipuinean. Amak joku handia eman zezakeela pentsatu nuen. Perutxok semea duela ere berritasuna da eta azkeneko traman eta korapiloa askatzean garrantzi handia dauka.
Zergaitik aukeratu duzu haurtzaroa?
Lezok portuarekin zuen harremana kontatzea zen ideia eta iruditu zitzaidan hori zela horretarako adin politena. Oroitzapen horiek guztiak asko iltzatzen diren garaia haurtzaroa da. Umeetan Zabarrek aita, arrantzaleak ikusten zituen; entzuten zituen Ternuarako bidean bale ehiztarien historiak, piratenak… garai oso polita da entzuten dituen historia horien gaineko imaginario bat egiteko. Horregatik egokiagoa iruditu zitzaidan haurtzaroan zentratzea Lezoko garai hura adierazteko.
Zenbat denbora eman duzu idazketa prozesuan?
Ideia urte amaiera aldera proposatu zidaten eta pixkanaka egin dut. Lehendik idatzia zegoena irakurri dut, Lezoko historia ere irakurri dut. Hilabete batzuetako prozesua izan da azkenean.
Zaila izan da informazioa bilatzea?
Ez justu kontrakoa, jo dudan lekuetan oso ondo hartu naute. Batez ere liburutegira jo dut eta bertan Lander Zurutuza liburuzainak agiriak eman eta laguntza eskaini dit. Hortik tiraka buruan orduko erretratu modukoa egiterik izan dut eta historiarekin lotu ondoren. Gainera, Zabarre taldeak ipuina irakurri eta bere iruzkinak egin zituen eta elkarlan modukoa izan da. Nik idatzi egin dut, estiloa eta tonoa nireak dira, baina historia Joseba Aurkenerenarena da eta Zabarre taldeak bazituen proposamen batzuk… denok elkarlanean osatu egin dugu.
Ipuina haurrei begirakoa da edo helduentzat ere bada?
Ni saiatu naiz haurrentzat eta helduentzat idazten. Hizkera, historia eta estilo aldetik ez dauka zailtasun berezirik, baino saiatu naiz ere historia aberatsa egiten euskara aldetik, erregistro aldetik. Haurrentzat egokia izan daiteke eta helduentzat ere. Helduok ere badugu barruan ume moduko hori eta piraten historiak han hemenka hurbilean izan ditugula iruditzen zait.