Pasaiako zinegotziak, aho batez udalerriaren mugen aldeko borrokan
Gutxitan hartzen dituzte Pasaiako zinegotziek udalbatzarrean ahobatezko erabakiak. Azken urteetan, alderdi politiko guztietako ordezkariak batu dituen gaietakoa izan da Pasaiako mugen aldarrikapena, hortaz, Mugen Batzordearen baliagarritasuna. Eta atzoko udalbatzarrean gai hori PSE-EEk mozio bidez mahai gainean jarri zuenean, ondorioa izan zen zinegotzi guztiek mugen alde borrokatzeko gogoa dutela. Izan ere, hasiera batean PSE-EEren mozioak kutsu kritikoa bazuen ere, —deitoratu zuten Mugen Batzordea ez dela behar adinako maiztasunarekin deitzen, eta hori berriz ere lanean hasi ezean, batzordearen lana “bukatutzat” emango zuela—, lortu zuena izan zen azken urteetako aldarrikapena berretsi, eta praktikara eramateko urratsak egitea. Eta horren seinale da alkateak uztailaren 10erako deitu duela batzordearen bilera —alderdi politikoetako ordezkariek, eragileek eta norbanakoek osatzen dute batzorde hori—, eta horrez gain, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarekin biltzekoak direla irailean.
Izan ere, bai Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria, bi alderdi sozialistaren kide Izaskun Gomez ados agertu ziren esaterakoan, mugen gaia bere horretan garrantzitsua izanik, Pasaiaren udalerri bezalako bideragarritasuna ere jokoan dagoela Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen udalerrien legedi berriarekin; “Pasaiaren existentzia jokoan dago”, esan zuten biek ala biek. Eta hala, alkateak nabarmendu zuen legealdi honetan gaiak alde batera edo bestera egingo duela. Ildo beretik mintzatu ziren Pasaiako Ezkerrako Xabier Pombo —”Pasaiak esku artean duen gairik garrantzitsuenetakoa da”, eta EAJko Erik Rios —”Aurretik lan handia egin da gaiarekin, eta bultzada eman behar zaio”—, eta Mugen Batzordearen balioa goraipatzearekin batera, bertan ekarpena egiteko prest agertu ziren.
Segurtasunaz
Atzoko udalbatzarrean dena ez zen izan, ordea, adostasuna. Hori nabari agerian gelditu zen PSE-EEk herrian “segurtasun arazoak” argudiatuta aurkeztu zuen mozioarekin. Sozialisten arabera, “Pasaiako ostalariek segurtasun eza” dute, eta hori esateko herrian hainbat lapurreta izan direla adierazi zuen alderdiko kide Lore Suarezek. Horregatik, gai hori lantzeko batzorde berezi bat egitea proposatu zuten PSE-EEko kideek, eta gainera, Udaltzaingoan hutsak dauden plazak betetzea –alkateak jakinarazi zuen dagoeneko horietako bat beteta dagoela—, gaueko Udaltzainen zerbitzua indartzea, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin harremana handitzea proposatu zuen.
Amaia Agirregabiria alkateak EUSTATen datuak erabili zituen balizko “segurtasun eza” zertan den adierazteko. Alkateak 2011ko eta 2012ko hainbat datu eman zituen, eta lapurreten kopurua era nabarmenean ez dela hazi baieztatu zuen datu horiek eskuan. Orduan, udalbatzarrean abiatu zen eztabaida izan zen “segurtasun ezaren sentsazioaren” eta “datu errealen” artekoa. Bide horretan, Pasaiako Ezkerrako ordezkariak salatu zuen PSE-EEren mozioaren testua “herritarren artean larritasuna sortzeko” baliagarri izan zitekeela. Azkenean, bozketaren txandan, mozioa ez zen aurrera atera PPk eta mozioa aurkeztu zutenek bakarrik egin zutelako horren alde (5 boto), Bilduk eta Pasaiako Ezkerrak kontra (9 boto), eta EAJ (2 boto) abstenitu egin zen.
Beste gaien artean, hainbat kreditu aldaketa onartu zituen Udalbatzak, LOMCEren kontrako Pasaiako Ezkerraren mozioa aurrera atera zen —puntuka bozkatu zuten EAJren eskariz—, eta 2011ko eta 2012ko udal kontu orokorrak onartu egin zituzten. Bestalde, hobeto aztertzeko, udal araudi organikoan egin beharreko hainbat aldaketen gaineko puntua mahai gainean utzi zuten.