Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa etxera ekarri nahi du Oiartzunek etzi
Egun historikoa izan daiteke etzikoa Oiarperentzat. Oiartzungo pilotarien taldearen eskuzko pilotariek Gipuzkoako XLVI. Herriarteko Txapelketaren finala jokatuko dute Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Tolosako taldearen kontra. 10:30ean hasiko dira lehiak, eta kadeteen, gazteen eta nagusien partidak jokatuko dituzte, guztiak binaka. Oiarperentzako baino, Oiartzunentzako egun handia izango da igandekoa.
Lehen aldia izango da Oiartzunek Gipuzkoako finala jokatuko duela. Finala irabazi edo galdu, aurten herriko kirol taldeek lortu dituzten emaitzen segida bikaina izan da pilotarien balentria. Ez hori bakarrik, Oiartzunen pilotaren alde egiten ari diren lan onaren konfirmazioa da bere horretan finalera iristea.
Garrantzia horren berri badu Joxe Juan Esnaola Oiarpeko entrenatzaileak. 13 urte zituenetik dago pilotaren munduan Esnaola, eta oraindik ez du ikusi Oiartzungo taldea final batean sartuta. Aurten, ordea, bai. Pozik dago, eta itxaropentsu. Izan ere, Tolosaren aurrean finala irabazteko aukerak badituztela uste du, eta oraindik zein pilotarik jokatuko duten erabaki ez badu ere, badaki ez dela kasualitatea izan finalera iristea. Dituen jokalariek maila ona emango dutela ziur da, “baina final batean urduritasunaren gaia kontuan hartu beharrekoa da. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina badaukat konfiantza”. Horren harira, Helduen Mailako partidarako faborito direla uste du Esnaolak, «hala esan didate, behintzat», eta beste bi kategorietan, kadeteetan eta gazteetan, Tolosarekin paretsuago ibiliko direla nabarmendu du, «beharbada Tolosako Gazte Mailako bikotea gurea baino hobexeago izan daiteke, baina paretsu gabiltza”.
Atanora joateko deia
Final handiak jaso ditu Donostiako Atano III pilotalekuak. Etzikoa ere hala izango da, oiartzuarrentzat behinik behin. Hortaz, Oiarpeko kideek deia egin diete herritarrei Donostiara joateko, partidez gozatzeko, eta irabazi edo galdu, ondo pasatzeko.
Gainera, finalaren ondoren, bazkaria egingo dute Gurutze auzoko Toki Alai jatetxean. Joan nahi duenak Oiarperen telefono zenbakira deitu behar du tokia hartzeko: 943 49 16 90.