Gipuzkoakoa irabazita, Euskal Herriko Txapelketa du orain helburu Oiartzunek
Atano III.a pilotalekuan oiartzuarrek festa egin zuten aurreko igandean. Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi zuen Oiarperen taldeak, 2-1, Tolosaren kontra, eskuz binaka. Horrek bi gauzarako aukera eman die oiartzuarrei: batetik ospakizun galanta egiteko, eta bigarrenik Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan parte hartzeko. Eta ia aurreko igandeko nekeak eta ospakizunak ahaztu gabe, berriz ere lehian pentsatzen hasi dira. Etzi etxean jasoko dute Arabako Zigoitia herriko taldea, nazio mailako txapelketaren finalerdietako joaneko partidan.
18:30ean hasiko dira partidak, Madalensoro pilotalekuan. Joxe Juan Esnaola oiartzuarren entrenatzaileak garbi du pilotaren munduan erraza ez dela deus ere, eta Zigoitiako taldea zerbaitegatik izan dela Arabako txapeldun, baina uste du aurrera pasatzeko aukerak badituztela oiartzuarrek, “partidak jokatzen ditugunean ikusi beharko dugu bakoitzaren maila zein den, baina uste dut aurrera egiteko aukerak baditugula”. Esan bezala, etzikoak joaneko partidak izango dira, eta bueltakoen emaitzen baturak emango du nor pasatuko den finalera. Beste finalaurrekoa Bizkaiko eta Nafarroako txapeldunen artekoa da. “Orain Euskal Herriko Txapelketa da gure helburua, eta hori lortzen saiatuko gara”, nabarmendu du Esnaolak.
“Ahaztezina”
Aurreko igandean Donostiako pilotalekuan bizitakoa oraindik fresko-fresko du Joxe Juan Esnaolak. Aitortu du finaleko partidak ez zirela izan, ikusleen ikuspuntutik, oso ikusgarriak, baina finala jokatu aurretik iragarri zuen urduritasunak eragina izango zuela bi taldeetan, eta jokoari erreparatuz gero, behintzat, hala izan zen. “Baina lehenengo finalean lehenengo txapela lortzea sekulakoa izan zen, ahaztezina. Guk horrelakoetan ez genuen esperientziarik, eta horrek balio handiagoa ematen dio herrialdeko garaipenari”, aitortu du Oiarpeko entrenatzaileak.
Pilotariek bakarrik ez. Herritarrek ere sekulako gozamena hartu zuten garaipenarekin. Euskal Herrikoan aurrera eginez gero, beste final bat lukete gozatzeko.