Titi Bilitis
Amiñi nahasia nabil irailaren hastapen honetan. Usaiako promenadak berritzen hasia, etxe baten bila ibili naiz: Titi Bilitis da etxearen izena, edo zen. Iraganean ikusi izan nuelakoan nago, hemen Hendaian. Ene memoria lausoaren zantzurik al da Titi Bilitis hori? Nik asmatutako etxea ote?
Etxeratu naiz eta Inderneten sartu ere —ez da akatsa, Indernet idatzi dut berariaz—, oroimenaren indar-gailua baita Internet. Titi-Biliti atera zait, s-rik gabe. Hara, Hondarribiko alardearen ereserkia edo, dantzut. Gorturik geratu naiz.
Bilitis atera zait hurrena: izenorde anglosaxoia, jatorriz. Festa zehaztugabea. Areago, Bilitis filma ageri da. Homosexualitatea du gaia. Finean, Titi Bilitis izeneko etxe haren bila nenbilela, homosexualitatea nuen gogoan: gaiak eta gayak. Barka hitz joko —txiste— erraza eta topikoa!
Gure belaunaldia frankismoaren peko belaunaldia da, berantiarrarena halere. Geure nerabe eta gazte aroak frankismoaren amaierakin ahitu ziren. Hezkuntzak bere zuloak zituen, eta gure heziketak hala eduki ere: zulo eta gabezia franko. Artean, homofobia hitza ez genuen ezagutzen, baina homofoboak ginen prefosta. Erregimen frankistaren ondarea daramagu.
Gordina bada ere, orduko —edota gaurko— txistetzar bat aldatuko dut hona. Gaztelaniaz bizi ginen, euskaraz ekarriko dut haatik. Rafael izeneko mutiko hura Rafaela zen guretzat. Bera dugu gure txistearen protagonista:
«Joan da Rafaela txarkuteriara eta txorizo bat eskatu du.
Txarkuteroak : Zer nahi duzu osorik edo xaflatan jartzen dizut?
Rafaela: -Aizu, zer uste duzu ene ipurdia itsulapiko bat dela edo!».
Halakoxeak ginen. Gordinak. Krudelak sarritan.
Frankismo peko heziketaren gabezia frankorekin heldu gara gaur egunera. Eta hartara —edo ez hartara, batek daki— gure seme-alabek ere gabezia horretako asko heredatu dute.
Urteen joan-etorrian, frankismoari egotzi genion gabezia asko ez ziren soilik frankismoaren gabeziak. Horretaz jabetu naiz, gutxienez. Orduan homosexualen paradisua Hendaian, Donibane Lohizunen edota Frantzian orobat zegoela uste genuen heterosexualok —heterosexualak ginela ere ez genekien—. Usteak ustel, horretan ere!
Azken urte honetan homosexualen eskubideen inguruan ikusi eta ikasi dugunaren ondoren, ustez homosexualen paradisua irudikatu (ge) nuen Frantzia hura gainbehera etorri da/zait. Tira, ez nadin inozo ere izan. Frantziako askatasuna, berdintasuna, senidetasuna delakoa aspaldian erori zen. Eta dena esatera, euskaldun —edo frantziarra— izanagatik ere, Franco franko daramagu gure baitan.