Sasoi onak ez duelako adinik
80 urtetik gorako pertsonentzako mendi irteera antolatu dute biharko Oiartzunen, Oielekuko Ibainarritik hasita. «Beteranoen udako hauspoa» izatea du helburu. Ondoren Tolare jatetxean bazkaria egingo dute.
Udara bukatzeko aste eskas geratzen da. Eguraldiak orain arte askorik lagundu ez badu ere, urteko sasoirik egokiena da kanpoan ariketa fisikoa edo bestelako jarduerak egiteko. Horregatik, bihar goizerako mendi ibilaldia antolatu dute Oiartzunen. Goizeko hamarretan jarri dute elkartzeko ordua Oielekuko Ibainarrin.
Hala ere, bihar goizean egingo dutena ez da ohikoa izango. Izan ere, 80 urteko eta adin horretatik gora duten pertsonentzako prestatu dute. Beteranoen udako hauspoa leloa jarri diote ibilaldiari antolatzaileek. Epele baserriko Joxe Luis Tapia (Oiartzun, 1933) da txangoaren antolatzaileetako bat. Aipatu duenez, lagun batekin hitz egiten ari zela, mendi buelta egiteko ideia sortu zitzaien. “Lagunak esan zidan mendi buelta bat egin behar genuela, eta baten bat etortzen bada, egin beharko dugu!”, esan du Tapiak. Hala ere, ez dago ziur jende asko hurbilduko den ala ez, “80 urte 80 urte baitira! Eta sasoia behar da horretarako”. Berak ez du falta.
80 urte dituen arren, mendiarekiko zaletasun handia du Tapiak. Izan ere, gaur egun, adin horrekin, oraindik mendi bueltak egitera joaten da. “Poliki-poliki joaten naiz, hori bai”, aitortu du.
Hiru ibilbide antolatu ditu, modu ezberdinetakoak, maldan gora edo behera. Alde batetik, menditik zehar joan nahi dutenentzako aukera izango da. Bestetik, errepidetik joan nahi dutenentzat. Eta, azkenik, mendiko pista erabili nahi dutenentzat prestatutakoa. Ibilbide horien luzera bi eta lau kilometroren artekoa izango da, gutxi gora behera.
Ibilbideak nolakoak izango diren zehaztu du Tapiak: “Nahi duena Oielekutik atera Bianditzera, eta Irumutara joan daiteke, gero hortik Eskasera etorri eta Oielekun bukatu. Hori luzeena da. Beste batzuek nahi badute Eskaseraino joan eta berriro buelta egin. Azkenek Portuburu aldera joan pistaz, Penaitik pasa, eta aspertzean edo nekatzean, buelta eman eta berriro hasierara etortzea dute”. Ibilbide gogorrak ez direla ziurtatu du Tapiak: “Presarik gabe joateko ibilbideak izango dira, lasai-lasai ibiltzeko modukoak, adin horrentzako aproposak”. Beraz, bakoitzak duen ahalmenaren arabera aukera dezake.
Ibilbidea egin eta gero, bazkaria egingo dute Oiartzunen bertan. Hain zuzen ere, Ergoien auzoko Tolare jatetxeko menua dastatuko dute. 14:00etan gelditu dira bertan, “ongi ibili edo ezin izan bada ibili”.
Errepikatzeko asmoarekin
Biharkoa estreinako ibilaldia izango da. Tapiak aitortu duenez, udaran egiteko asmoa zuten, eta sasoia aurrera egiten ari dela eta, biharko data jarri zuten. «Orain baino lehenago egitea izango da onena», gaineratu du. Euria egiten badu, hala ere, ibilaldia bertan behera geratuko dela esan du. Meteorologoek eguraldi ona eman dute biharko. Estreinako txangoa ongi ateratzen bada, datorren urteko udaran berriro antolatzeko asmoa dute.
Tapiak esan duenez, 70 urte baino gehiago daramatza mendian ibiltzen, haurra zenetik, eta gaur egun ere egunero ibiltzen da. Izan ere, Epele baserria mendian dago, eta ez du bizitokitik oso aparte. “Ohitua nago jada, esperientzia nahikoa badaukat”. Umoretsu jarri da Tapia: “Hemen inguruko mendiak Donostia bera baino hobeto ezagutzen ditut!”. Mugaldeko jende asko bezala, kontrabandoan aritu zen gazte garaian, eta mendiak ondo baino ezagutarazi dizkiote.
Gazteago zeneko garai haiek gogorarazi ditu Epele baserriko semeak. “Guardia Zibilarengandik ihes egin behar genuen… Hala ere, ez nuen Guardia Zibilaren beldurrik izaten, beraiengatik lasai ibiltzen nintzen, tiroak harrapatzearena baizik!”. Behin baino gehiagotan egin du topo eurekin, eta gainean zeraman paketeren bat edo beste mendian utzi behar izan zuen Tapiak, duela mende erdi inguru. “Zama kendu behar genuen gainetik, guardia zibilak segituan hasten ziren tiroka”. Inguruko ekonomian eragin handia zuen kontrabandoak.
Jendea apuntatu dela jakinarazi du, eta Oiartzungo adinekoak animatu ditu bertara hurbil daitezen. Berez 80 urte edo hortik gora dituztenei dago zuzenduta, baina pertsona gazteagoek izena eman dezaketela esan du. “Nahi duenak har dezake parte, etortzen dena ez dugu etxera bidaliko”, gaineratu du.
Izena emateko interesa duena oraindik garaiz dabil. Egin behar den gauza bakarra 943 49 33 39 telefono zenbakira deitzea da —Joxe Luisgatik galdetu— . Informazio gehiago behar badute, bertara deitu dezakete, konpromisorik gabe.