Hamabi garagardo dastatzeko, Lezoko I. Garagardo Festan
Tiñelu Elkarteak antolatuta, I. Garagardo Festa egingo dute Lezon datorren asteburuan.Ostiralean hasita, hiru egunez hamabi garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango dute Saldise plazaraino hurbiltzen direnek, 18:00etatik 00:30era. Edatekoaz gain, zer jan ere izango da Garagardo Festak irauten dituen hiru egunetan, ukondotxoak, saltxitxak, patata purea eta bestelako razioak zerbitzatuko dituzte antolatzaileek.
Musika ere ez da faltako. Garagardo Festak irauten duen bitartean Jaixkipe Txaranga, Trikisound eta Trabank folk taldeen zuzeneko emanaldietaz gozatzeko aukera izango da Saldise plazan.
100 boluntario lanean
Lezon Garagardo Festa antolatzeko ideiarekin bueltaka “aspalditxo” hasi zirela zehaztu dute antolatzaileek: “Ilusioz ikusten genuen beste herri eta auzoetan gisa honetako festak egiten zirela eta harrera ona zutela. Herriari festa giroa emate aldera eta asmoak errealitate bihurtu nahirik, lanari ekin diogu Tiñelu elkartean”.
Protagonista nausia garagardoa izango bada ere, antolatzaileek ez dituzte ahaztu jaia posible egiteko hiru egun horietan lanean ariko diren boluntarioak. 100 lagun izango dira guztira garagardoak zerbitzatu eta jatekoak prestatzen, “eta haiek gabe ezinezkoa litzateke Garagardo Festa egitea”.
Urtero errepikatzeko jaiotako festa dela argi dute gainera Tiñelukoek, “aurrerantzean ere jarraitzeko gogoz gatozelako”. Lezoarrekin batera, inguruetako herritarrak ere gonbidatu dituzte “herritik herriarentzat” antolatu den jaian parte hartzera Tiñelukoek.