Pasaiako Udalbatzak plenoa egin du gaur goizean, eta bertan, Izaskun Biurrun Zerbitzuetako zinegotziak, udal gobernuaren izenean, Donibaneko atez ateko hondakinen bilketaren lehen balorazioa egin du. Gobernu Organoen kontrolaren txandan izan da.
Iraileko plenoa Pasaiako udaletxean
Biurrunek esan duenez, “oso pozik” daude Donibanen jasotako emaitzekin. Horrela, sistema berria ezarri zutenetik 22 egun pasa direnean, Biurrunek esan du arazorik ez dela egon, eta sanjuandarren “hasierako kezka, zalantza eta beldurrak uxatzen” joan direla. “Moldaketak egiten ari gara egunero, hobetzeko, eta dudarik gabe hobetuko dugu”. Horrela, orain arte 26.040 kilo jaso dituzte gaika, eta kopuru horretatik %16 errefusa da. “Gainontzekoa, %84, da birziklagarria”. Hala ere, datu zehatzagoak izatean balorazio osoagoa egingo dutela iragarri du, eta bizilagunak bilera batera deituko dituztela: “Datuak sanjundarrarekin partekatuko ditugu, eta euren iritzia jasoko dugu, parte hartze prozesuan adostu bezala”.
PSE eta EAJren
kritikei ere erantzun die. Horrela, jeltzaleei erantzun die “zaborrontzi bat momentu puntual batean betea dagoenean argazkia atera beharrean, pasa daitezela barruti osotik eta ikus dezatela egoera”. Sozialistek, berriz, sanjuandarren “zaborra espiatzea” egotzi dio Gobernu Taldeari. Biurrunek gezurtatu egin du hori, eta hondakinak gaizki sailkatzen dituztenei “abisua pasatzeko” dela esan du. “Hori bada sistema berriari egin behar dioten kritika guztia, ongi doalaren seinale da”, gaineratu du.
Lanpostuen zerrenden aldaketa
Udalbatzarreko lau puntu nagusiak lanpostuen zerrendetan moldaketak izan dira. Horrela, Zerbitzu, Sare eta Mantentze lanen Saileko Zerbitzuetako arduradunari dedikazio bereziagatiko osagarria onartu zuten (%20), PPren abstentzioarekin.
Immigrazio zein Berdintasun teknikarien lanpostuetarako graduondoko ikasketak eskatzearen alde egin zuten EAJk, Bilduk eta Ezker Anitzak. PSEk aurka bozkatu zuen, eta PP abstenitu egin zen. Azkenik, hizkuntza normalizaziorako irakasle-teknikari postu bat sortzea erabaki zuten, aldeko boto berberekin eta PSEren abstentzioarekin. PPk aurka bozkatu zuen.
Pasaia Kirol Elkartea
Jorratutako beste hainbat gairen artean, Pasaia Kirol Elkartea zoriondu nahi izan du Biurrunek. Izan ere, 72 urteren ondoren, aurten neskez osatutako taldea izango dute estreinakoz. Asteburu honetan egingo dute debuta.