Arraunlari kalea San Pedroko "parkina betetzeko" peatonalizatu nahi duela esan du PSE-EEk
Pasaiako Udalak Arraunlari kalea peatonalizatzeko asmoa ez du gustuko PSE-EEk. Izan ere, euren ustez, kale hori ez dute oinezkoentzako irabazi nahi, “baizik eta aparkalekuak mugatu nahi ditu, sanpedrotarrek Bou Nabarra plazan garajeak eros ditzaten”, adierazi du Izaskun Gomez zinegotziak..
Udal gobernuari esan diote peatonalizatzea ez dela “autoak kaletik kentzea bakarrik”. Horrela, “hirigintzaren kalitatean hobekuntzak” eskatu dituzte. “Arraunlari kalea berrurbanizatu beharko lukete. Hori izan beharko luke trafikoa aldatzeko benetako motiboa eta ez dirua lortzeko gogoa”, gaineratu du. Bizilagunek osatutako batzordea Hirigintza Batzordera gonbida dezala eskatu diote sozialistek Amaia Agirregabiria alkateari.
Gainera, alkateari galdegin diote “Pasaiako Portuko Agintaritzaren kontrako aldarriak” alde batera uzteko, eta agintaritzari eska diezaion teknikoki eta diruz berrurbanizazioaren aldeko apostua egin dezan, “Torreatzerekin eta Puntetako pasealekuarekin bere garaian egin zen bezala”. Euskadi etorbidearen berrurbanizazioko bere zatia ordain dezala eskatzeko esan diote alkateari.