Baserri mundua eta natura, ikasleen eskura

Natura, eguneroko elikagaiak, dendan erosi edo plateran prestatuta aurkitzen duten hori haurrei erakusteko helburuarekin jarri dute martxan Baratza Egitasmoa Lezo Herri eskolan. Orain urtebete hasi ziren lanean ideiarekin, Agenda 21n barruan, eta ikasturte honetan jarri dute martxan. Ikasleak baratzarekin eta barazkiekin harremanetan jarri  eta egitasmoan buru belarri sarrarazi ditu ikastetxeak, “lurra prestatu, landu, barazkiak landatu edota erein eta beraiek bildutakoa kontsumitzea ere badugu helburu”, azaldu du Itsaso Briz Lezo Herri Eskolako irakaslea eta Baratza Egitasmoko laguntzaileak. Izan ere ikasleek prozesu guztian parte har dezaten nahi dute, “ikasleak ardatza izatea nahi dugu”.

Ikasleen artean geroz eta haur “hiritartuagoak” daudela nabarmendu du Brizek: “Lezon pentsa dezakegu baserri munduarekin harremana badutela, baina orokorrean geroz eta hiritarragoak dira ikasleak eta harremanik ez dute bizimodu horrekin. Modu aktiboan garai bateko bizitzarekin harremantzea bilatzen dugu, erosten ditugun horiek nondik datozen erakustea”.

600 ikasle ditu Lezo Herri Eskolak eta zaila zaie ikasle guztiak Baratza Egitasmoan sartzea. Hori dela eta Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleekin hasi dira lanean. Ostiralero eskolatik irten, lanabesak hartu eta Markesenean, ikastetxearen pare-parean prestatu duten baratzera joaten dira arratsaldez. Hasieran belar txarrak kendu zituzten ikasleak. Joan den ostiraleko taldeak berriz, lurra prestatu eta porruak landatu zituen. Lerroak zuzen egiteko, bi harriri soka muturrak lotu eta atxurrekin lanean hasi ziren. Hiru azpitaldetan banatuta, lan guztietatik pasa ziren. Ureztatzen ibilitakoak, goiko aldera joan ziren gero, fruitu gorridun arbolak landu asmo duten eremua belar txarrez garbitzera.

Gurasoen inplikazio handia

Itziar Artola Baratza Egitasmoko arduraduna eta irakaslea da. Berak, Brizek bezala gurasoen inplikazioa nabarmendu du, “baratze-alorrak eta bestelako azpiegitura guraso talde batek egin du auzolanean asteburuetan”. Eskola proiektua dela argi dute biak, eta integrala ere, “komunitate osoari eragiten diona ez soilik ikasle edo irakasleei”. Horren harira esker ona adierazi diete ideia hartu eta lanean ari diren gurasoei.

Porruak, tipulinak, ilarrak eta letxugak landatuko dituzte udazkena eta negua bitartean. Hurrengo helburuak berriz, hazitegia sortu eta konpostarako kutxa pare bat jartzea dute orain. Sendabelarrak eta landare aromatikoak lantzeko asmoa ere badutela azaldu dute Briz eta Artolak, “baita fruitu gorriko arbola txikiak, andere-mahats gorria kasu”. Guztiak modu ekologikoan landuko dituzte gainera. Azken horrekin ere kontzientziatu nahi dituzte ikasleak.

Lanean hasi aurretik beste esperientzia batzuk ezagutzen aritu dira Lezo Herri Eskolako hainbat irakasle, “intxaurrondo eta Zarautzen izan gara besteak beste, urteak daramate horietan baratze egitasmoarekin”.

Gogor egin dute lan laugarren B gelako ikasleek baratza egitasmoaren azken saioan. Berrehun porru landatu dituzte Briz eta Artolaren laguntzarekin. Orain itxarotea tokatzen zaie bi hilabete barru sortutakoak jaso eta etxean gozatzeko. Bien bitartean, ostiraleroko esperientziekin egunerokoa osatzen ari dira ikasleak. Gutxi barru Baratza Egitasmoaren berri bilduko dute Lezo Herri Eskolaren webgunean.

http://youtu.be/-Fp1IK15EgI

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Hitza gurea da

 

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend