Kultur Etxea herritarrez bete zen atzo
Atzo arratsean egin zuten Antxon hondakinak biltzeko sistema berriaren gaineko parte hartze prozesuaren lehen saioa. Euskarazko taldearena izan zen. Bertara ia 100 herritar agertu ziren, eta batzarra giro lasaian joan zen, errespetuzkoan. Hala, gobernu taldeko kideek lehenik hartutako erabakiaren zergatien berri eman zieten herritarrei, “udalbatzarrak hala erabakita birziklatze tasa %70a bermatuko duen sistemaren alde egin genuen, hura edozein zela ere. Demostratuta dago atez atekoak hori bermatzen duela, eta horren alde egin dugu. Hala ere, norbaitek hori bermatuko duen sistemaren bat ezagutzen badu, proposa dezala”. Horrela, Donibaneko sistemaren “balorazio oso positiboa” egiten dutela esan zuen alkateak, eta hura Antxon ezartzeak “ardura politikoarekin, osasunarekin, eta herritarren ekonomiarekin” harremana duela. “Orain arte birziklatu dutenentzat aldaketa txikia izango da; birziklatu ez dutenentzat aldaketa izango da, baina berehala ikasiko dute”.
Horiek azalduta —besteak beste bosgarren edukiontziaren eredua martxan duten herriekin alderatu zuten atez atekoa; bigarrenean beti lortzen da organiko gehiago biltzea, nabarmen, kasu guztietan—, sistema berriaren gaineko informazio orokorra eman zuen Izaskun Biurrun zinegotziak, zein egunetan jaitsi beharko litzatekeen frakzio bakoitza, udalak zein bitarteko jarriko dituen horretarako, edo konposta egiteko aukeraz ere hitz egin zuen. Hala, zinegotziak nabarmendu zuen, herritarrek pixkanaka ikasiko dutela gauzak ondo nola egin, “guk egunero-egunero” ikasten dugun bezala.
Aztikerreko kideek, bere aldetik, parte hartze prozesua nola joango den azaldu zuten. Denen iritziak kontuan hartuko direla eta errespetuzko jarrera aipatu zituzten, besteak beste. Herritarren galderen txanda ere zabaldu zuten.
Prozesuaren bigarren saioa gaur izango da, 19:30ean Kultur Etxean. Gaztelaniazko taldearena da.