Larunbateko agerraldikoa da honako irudia
Pasaia Zero Zabor taldea ados dago udal gobernuak Antxon hondakinak gaika biltzeko sistema berria ezarriko duelako, “erabaki hau gure osasunaren mesederako da, eta epe ertain edo luzera ekonomikoki onurak ekarriko dizkio udalari, eta ondorioz, pasaitar guztioi”. Alta, sistema berriaren funtsa atez atekoa izana “zero zaborraren bidean sistemarik eraginkorrena” dela uste dute Zero Zabor taldekoek, “ahalik eta gehien birziklatzeko eta hondakinen kudeaketa egiteko”. Alta, hori guztia “borondatezko sistemen bidez” ezin dela egin iritzi diote, “herritarroi dagokigu etxean sortzen ditugun hondakinak jatorrian bereiztea, sortzen ditugun hondakinen %90 birziklagarria baita. Birziklatzea ezin da borondatezko ekintza izan, kutsatzea ezin dugu eskubidetzat hartu”.
Larunbatean egin zuten agerraldi jendetsua Pasaia Zero Zabor taldeko kideek, udalaren erabakiaren harira, “oso pozik gaude udalak emandako albistearekin”. Zabortegien aroa bukatuta dagoela uste du taldeak, “eta gainera, natur baliabideak agortzen ari gara darabilgun kontsumo ereduarekin. Horrekin ados egonda, nola askatu korapiloa?”. Hori bideratzeko udalak hartu duen erabakia baliagarri izango dela uste dute taldekoek, eta Donibaneko adibidea jarri dute ideia horri indarra emateko, “atez ateko sistema ezarri aurretik %32 biltzen zen gaika; bi hilabetean %85 iritsi dira sistema aldatu zutenetik”.
San Markoko zabortegiak, zentral termikoak nahiz portuak “pasaitarron artean eragin kaltegarria” izan dutela gaineratu zuten taldekoek kutsaduraren aldetik begiratuta. Eta gainera, Gipuzkoan errauste plantarik egingo ez delaren albistea “pozgarria” dela esan zuten. Hala, Antxon hasi den parte hartze prozesuan parte hartzeko eskatu zieten herritarrei.