Atzoko udalbatzarrean emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako mozioa onartzen
EH Bilduk aurkeztutako emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako mozioa aho batez aurrera atera zen herenegun ilunabarrean egindako ohiko udalbatzarrean. Hala, udalak berdintasun-politikak garatzeko baliabideak (giza baliabideak nahiz ekonomikoak) urtetik urtera indartzeko konpromisoa hartu du, besteak beste.
Gaiaren haritik, Eider Mitxelena Berdintasun zinegotziaren hitzetan, gaia zaila izanagatik, helburuak pixkanaka lor daitezke. «Oiartzunen arreta psikologoa behar duten hamar emakume daude eta horietatik bik baita juridikoa ere», nabarmendu zuen.
Aurrekontuak
2014 urteko aurrekontuak behin-behinean onartu zituzten EH Bilduren botoekin, EAJ abstenitu egin zen. Mikel Idiazabal EAJko zinegotziak “fidagarritasun eta zehaztasun falta” ikusten dizkio aurrekontuei: “Gauzak kopiatu eta pegatu egin direla dirudi”.
Horri erantzunez, Aiora Perez de San Roman alkateak udalak egin beharreko egokitzapen ekonomikoak gogorarazi zizkion alderdi jeltzaleari. Aurrekontuak hamabost egunez egongo dira jendaurrean.
Horrez gain, EHEk eta Uemak adostutako adierazpena onartu zuten aho batez Euskararen Egunaren haritik. Abenduaren 3an, hortaz, Euskaraz bizi nahi dut dioten banderak jarri dituzte eraikin publikoetan.
EAJko zinegotzi berriak kargua hartu zuen plenoan, Iñaki Arbelaitzek. Aitor Sanchezek karguari uko egin eta gero.
Protokolo gastuak 60 eurokoa izan direla jakinarazi zuten.