Berotasuna sumatu zuen larunbatean Mikel Astarlozak bere herrikideren eskutik. Omenaldi hunkigarria antolatu zuten bere alde Astarloza Taldekoek. San Pedroko gimnasioan egin zen bazkarian, bideo emanaldi hunkigarria ikusteko aukera izan zen; Astarlozaren gurasoek, arrebak, koinatuak, ilobak, Iñigo Chaurreau lehengusuak, Astarloza Taldeko kideak, eta herriko, Donibaneko, Oiartzungo eta Lezoko lagunek Astarlozaz eta bere ibilbideaz hitz egin zuten bideoan.
Opari mordoa ere izan zen. Mikel Astarlozarekin gazte garaian ibilitako lagun eta txirrindulariek Tourreko garaipeneko koadroa oparitu zioten Jokin Lizeagaren eskutik. San Pedroko alkate orde Jose Luis Sanzek lore sorta bat eman zion Astarlozari Pasaiako Udalaren izenean, “Pasaiaren izena munduan zehar ezagutarazteagatik eta zabaltzeagatik” eta Astarloza Taldekoek ere lagun taldearen argazkiekin osatutako koadro bat eman zioten. Peñako buru Mikel Salaberriak eman zion oparia.
Astarlozak ere opariak egin zituen. Azkeneko lasterketetan erabilitako maillotak banatu zituen, eta aukera baliatu zuen urte hauetan guztietan ondoan izan dituenei eskerrak emateko.