Ametsen karrikan

Ene ibilerak segitzen dituzuenek ezagun duzue karrikarako ene jaidura. Hendaika traineruak antzo ibili ohi naiz herrian barrena, kalez kale, goiti eta beheiti olatuen kontra. Neroni baina lehorrean.

Bart, lotaratzean, abenduko ene ibiliren nondik norakoak errepasatu nituen. Hileko azken ostiralean kontatu ohi ditudan pasadizoak zirriborratu nituen gogoan, goizean ordenatu eta idatzi asmotan: «Irandatz auzotik herri barnera edo kaskora heldu naiz, San Bixente eliza eta Herriko Etxea ingurura…».

Nahasi samar jaiki naiz, ordea. Bardako ibilerak oroit nituen, baina gaueko ametsek ene nondik norakoak lausotu zituzten nolabait: «… Hendaian nenbilen, baina ez zen gaur egungo herria. Neroni ere ez nintzen naizela, 55 urteko gizonezkoa. Bizar zuria nuen eta kaskoa ia soildua. Errepublika plazatik François Mitterrand Mediatekara hurbildu naiz. Eraikinaren zuria arrea zen, egurraren urdina euriak marguldua.

Bestelako kolorekoa zen ingurumaria, zurbilagoa. Neroni ere zurbiltzen hasia naiz. Halle karrikan ote nengoen zalantzan egin dut aitzina, antzinako merkatuaren ondotik joaki naiz.

Amets karrika irakurri dut tokiko paretan. Suhiltzaileen eraikin zaharrera hurbildu, eta, zur eta lur geratu naiz. Abandonatua gogoratzen nuen etxea, aldatua eta berritua zegoen. Amets Arzallus Kultura Etxea irakurri dut atarian. Ate ondoan, metalezko plaka distiragarrian bertsolari bat kantari irudi, txapela jantzita. Hurbildu naiz: «Bai to, bera da!». Hizki txikiak irakurri ditut: Amets Arzallus Antia. Hendaiarra. 1983ko azaroaren 9an. Bertsolari Txapeldun Nagusia 2013an… (…).

Soa apaldu dut: «… Kultur etxe hau 2043. urtean inauguratu zen, bertan Euskal Herriko lehendakari…».

«Asko gara» aditu dut. Hitz horiexek esnatu naute. Euskadi Irratiko Dani Arizalaren ahotsak ametsetatik jauzarazi nau.

«Besteak lo daudenean, asko gara», ziokeen esatariak.

Hara, asko gara. Euskaldunok alegia. Baiki…

Eguberrien karietara, Hendaitzko gazteak «Presoen alde» egin dute aldarri karriketan, Amets kantari…

Olentzero ibili da karriketan, Akelarre elkarteak antolatu ohi duen akelarrean…

Urtarrileko Bixintxoak jaiak direla-eta, Anton Abadia gogoan, Patri Urkizu, Fernando Morillo eta Ekhiñe Egiguren idazleak izanen ditugu hizlari…

Abenduan Euskararen Eguna ospatu genuen Beltzenia frontoian…

Hona, ikastolako ikasleek abestu zituzten hamabi kopletatik bosgarrena:

«Hendaian euskara asko dago/ ta dago ere frantsesa / Frantsesak euskaldundu ezkero/ guretzat a zer sorpresa».

Eiki, batzuk presa eta besteak sor. Alta, Hendaian ere asko gara edo izan gaitezke!

Urte berri on!

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend