Reocinekin berdindu eta bigarren postua galdu dute OKEko neskek
Reocin taldearekin berdindu zuen atzo OKEko nesken lehen taldeak eta Espainiako Bigarren Mailako bigarren postua galdu du. Gasteizko Aurrera taldea jarri da bigarren, baina oiartzuarrekin berdinduta. Athketic Bk segitzen du lider bezala, baina kontuan izan behar da bilbotarrek ezingo luketela igoerako kanporaka jokatu, Lehen Mailan beste talde bat dutelako.
Pauldarren kontra 1-0 irabazi eta gero 31 punturekin amaitu du lehen itzulia Athleticek, 26na puntu dituzte Aurrerak eta Oiartzunek, eta bat gutxiago Pauldarrak taldeak. Atzoko berdinketarekin Reocinek bosgarren segitzen du (23), Osasunak eta Añorgak 22 dituzte, eta ondoren bost puntuko tarte bat dago hurrengoarekiko. Gauzak horrela, bigarren itzulian aipatutako talde horien artean egongo da borroka lehen postuetan egoteagatik.
Datorren jardunaldian ere kanpoan jokatuko du oiartzuarrek, Iruñean, Osasunaren kontra. Partida gogorra izango da. Ligako estreinako partidan Oiartzun izan zen nagusi Karla Lekuonan, baina gol bakarragatik (1-0).